Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Indar Baskonia taldeak saski baloi taldeko zuzendaritzaren erabakia kritikatu dute, abonatuei Hapoel IBI Tel Aviv talde israeldarraren aurkako partida Araba Arenan ikusteko aukera emango dielako hurrengo asteartean, azaroaren 17an, Gasteizen.
"Beste behin ere, argi gelditu da Baskoniako zuzendaritzak ez duela inolako borondaterik palestinar herriaren aurkako genozidioarekin aurrera jarraitzen duen entitate sionistarekin dituen harremanak geldiarazteko", esan dute.
Bi taldeek Baskoniako zuzendaritzari egotzi diote Israelgo taldeekiko harremanak normalizatzeko borondatea izatea, eta partidak bertan behera uzteko eskatu dute. Plataformak eta zale taldeak gogorarazi dute joan den udaberrian Maccabiren eta Hapoelen aurkako partidak ateak itxita jokatu zirela Gasteizen, mobilizazioen ondorioz. Oraingo erabakia, ordea, normalizaziorako urrats gisa interpretatu dute, eta Euroliga, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala ere egin dituzte partidak geldiarazteko arduradun.
Gauzak horrela Baskoniako abonatuei partida boikotatzeko eskatu diete, eta mobilizazioa iragarri dute azaroaren 17rako, 19:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.