Administrazio-prozedurak sinplifikatzen dituen Presazko Neurrien Legea baliatuta, Gasteizko Udalak Abetxukun 70 etxebizitza eraikitzeko prozesua bizkortzeko lanak abiatu nahi ditu. Lanak, Abetxukuko Ancora okindegi zaharraren ondoko bi lursailetan burutuko dira eta proiektu honi esker, 42 etxebizitza tasatu eta itunpeko preziodun 28 libre eraikiko dira, 6 eta 7 solairutako bi eraikin berrietan.
Etxebizitza hauek ez dira Etxebideren zerrendetatik esleituko, baina prezio mugatua izango dute, eta udalak atzera eskuratzeko eskubidea izango du zazpi urtez. Oraindik ez da prezio zehatzik ezarri, ezta obrak hasteko datarik ere.
Bestalde, Maider Etxebarria alkateak argitu du babestutako Ancora eraikinean ez dela esku-hartzerik aurreikusten oraingoz, obra garestia eta konplexua dela argudiatuta.