Dato kaleko tren geltoki berriaren zundaketa geoteknikoak egiteko lanak abiatuko dituzte

Geltoki berriaren diseinu aurreikuspena. GASTEIZKO UDALA

Geltokia berritzeko lanez gain, trenbide sareak Gasteizen egin beharreko azpiegitura lanak ere aintzat hartzen ditu proiektuak.

Gasteizko Udalak baimena eman dio Adif enpresa publikoari Dato kaleko tren geltokia berritzeko eta handitzeko proiektuaren oinarri izango diren sondaketa geoteknikoak egiteko.

300 milioi euroko inbertsioa aurreikusten duen proiektua burutu aurretik, udalaren baimen honek, Jundiz eta Zerio arteko 14 kilometroko tren-korridorearen barruan, lurzoruaren ezaugarriak aztertzeko bidea emango du.  

Dato kaleko geltoki berriaz gain, proiektuak beste hainbat lan ere biltzen ditu: trenbide-sarbideak egokitzea, Abiadura Handiko Sarea eta sare konbentzionalarekin lotzeko zabalera-aldagailuak eraikitzea eta obrek eragindako azpiegiturak berrezartzea, edota Ariznabarrako eta Osasun Iturriko pasabideak berreraikitzea, besteak beste.

Geltoki berria

Joan den urtean Gasteizko tren geltokiak 737.000 bidaiari izan zituen eta, aurreikuspenen arabera, kopuru hori 3,8 milioi erabiltzaile izatera irits liteke datorren hamarkadan, egungo bolumena bost aldiz biderkatuta. Geltoki berriak behar horiei erantzun beharko die, eta berritze lan nabaria beharko du. Egungo eraikin historikoak bidaiarientzat sarbide nagusia izaten jarraituko duen arren, barrenak hustu eta errotik aldatuko da geltokiaren egitura. 

Lurpean atari handi bat eraikiko da merkataritza-espazioz inguratuta eta bidaiariei ontziratze sarbidera eskainiz. Gune horrek zuzeneko lotura izango du bai jatorrizko eraikinarekin, bai Unibertsitateko pasealekuarekin eta baita 200 plaza inguru izango dituen bi solairuko lurpeko aparkaleku batekin ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago