Gasetizko auzo elkarteek azaldu dute udal gobernuak "modu desegokian" jokatzen duela, parte hartzeko eraikitako erakundeen (auzoguneen eta elkarguneen) eskaerak ez dituztela erantzuten azpimarratu dute, eta erabakiak alde bakarrez hartzen dituztela. Angel Madina Judimendikoak auzo elkarteko lehendakariak eta Kepa Oseguera Santa Luciako Errekatxikikoak kritikatu dute auzoguneak udal gobernuaren "alde erabiltzen" direla.
Agerraldia egin duzue aste honetan Gasteizko hainbat auzo elkartek. Zer da zehazki salatu duzuena?
Angel Madina: Porrot egin du parte hartze ereduak legegintzaldi honetan. Auzoguneek eta elkarguneek ez dute behar den bezala funtzionatzen. Udal gobernuak berak ez du bere araudia ere betetzen. Haiek deitzen dituzte auzoguneak eta antolatzen dute guztia, eta hori ez da haien funtzioa, gurea baizik.
Nolakoak izaten dira gaur egun auzoguneen bilerak? Parte hartzea albo batera utzi dutela salatu duzue.
A. Madina: Gai ordena eta beste guztia udalak egiten du, eta gainera arloko zinegotzia jartzen da mahaiburu, bilera antolatzeko. Eta ez da horrela izan behar: teknikoak eta zinegotziak egon behar dira guri erantzuteko prest. Bilera horiek elkarteek kudeatu beharko lituzkete zuzenean, indarrean dagoen araudiaren arabera, baina udalaren propaganda tresna bihurtu dira, eta udal langileek deitzen eta bideratzen dituzte. Batzuetan, gainera, teknikoak ezin direla joan esaten dute, azken orduan. Auzotarren proposamenak bigarren mailan uzten dira, eta, askotan, modu txarrean erantzuten digute. Azkenean horregatik eskatzen dugu auzoguneak eta elkarguneak berreraikitzea eta dagoen parte hartze araua betetzea.
Egoera ikusita, planto egitea pentsatu duzue edo zer neurri hartuko dituzue?
A. Madina: Printzipioz bilera bat egin genuen auzo elkarteok, eta gure erabakia izan zen iragan astean egin genuen prentsaurrekoa egitea, egoera salatzeko, eta bertan aurkeztu dugun dokumentua talde politikoei bidaltzea zer dioten ikusteko.
Gasteizko parte hartze ereduak ondo funtzionatu du orain arte, edo atzetik datoz arazoak?
A. Madina: Funtzionamendua inoiz ez da ona izan, baina legealdi honetan okerrera egin du nabarmen. Auzo elkarteak tratatzeko moduak oso txarrak dira. Partaidetza saileko zinegotziaren ustetan dena da gure errua, diru laguntzak emateko atzerapenaren eta parte hartzearen porrotaren erantzukizuna elkarteei leporatu dizkigu. Dena dela, argi utzi nahi dut arazoa ez dela pertsonala, arazo bat dugu, baina arazoa ez da pertsonala, parte hartzearen eredua da betetzen ez dena. Ez dituzte gure eskaerak erantzuten eta beren kabuz kudeatzen dituzte; esaterako, aurrekontuak.
Aurrekontuen inguruan zer paper jokatzen dute gaur egun auzo elkarteek?
Kepa Oseguera: Gure proposamenak jaso eta hurrengo urtean erantzuten dute, eta sarritan oso zaila da ulertzea ematen dituzten arrazoiak: "Plaza honetan ez dugu esku hartuko arazo teknikoak daudelako". Bai? Eta? Zer egingo duzue? Uste dut elkarguneen eta auzoguneen araudia aplikatuko balute egoera zuzenduko litzatekeela, baina dena beren modura egiten dute, eta ez diote hitza ematen jendeari. Udalak prentsaurreko bat ematen duela ematen du, baina hori ez da parte hartzea. Auzoguneetara eramaten dituzte, adibidez, gizarte etxe batean obrak egingo dituztela eta noiz arte itxita egongo den, baina gai hori dagoeneko erabakita dago, iragarpen bat da, zer zentzu du auzogunera eramateak?
Auzoguneetan lantzen diren gaiak auzo elkarteek proposatzen dituzte edo udalak berak?
A. Madina: Auzoguneak parte hartzeko tresnak dira, ez komunikatuak irakurtzeko foroak. Auzo elkarteok dinamizatu beharko genituzke, eta auzoko gaiak proposatu. Azken legealdian gaiak haiek proposatzen dituzte, ez digute aldatzeko aukerarik ematen; auzoguneak beren ekimena balira bezala erabiltzen dituzte, ez parte hartze errealerako tresna gisa. Auzo elkarteok hiriaren parte aktibo izan nahi dugu, eta, horregatik, parte hartze eredu hau guztiz berregituratzea eskatzen dugu, eta auzoguneak eta elkarguneak sortu ziren eredura bueltatzea, herritarrek eta haien gizarte eta auzo erakundeek kudeatu eta antolatzea, eta herritarren eskaerak eta beharrak entzun eta haiei erantzuteko guneak izatea.