Gaur arratsaldean, greba orokorraren harira, Gasteizko auzoetako sareek agerraldia egin dute Foru Plazan. Bertan, etxebizitzaren arazoa eta espekulazioaren ondorioak salatu dituzte, eta nabarmendu geroz eta larriagoa dela auzoek eta bizilagunek bizi duten egoera.
Azpimarratu dute etxebizitzaren espekulazioak "gure auzoak zein gure bizitzak baldintzatzen" dituela, eta horren aurrean ezinbestekotzat jo dute komunitateak eta auzo sareak indartzea. Era berean, elkarlanaren garrantzia nabarmendu dute, arazoari aurre egiteko eta elkar zaintzeko tresna eraginkor gisa. "Auzoak saretu, etxebizitza bermatu" aldarriarekin amaitu dute agerraldia, etxebizitza eskubidea bermatzeko eta espekulazioari aurre egiteko beharra azpimarratuz.