greba orokorra

Espekulazioaren kontrako milaka eta milaka ahots altxatu dira Araban

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute/Argazkiak: Ekaitz Anda

Jendetzak leporaino bete du Gasteiz etxebizitza eskubidea bermatzearen alde eta espekulazioaren kontra. 

Euskal gehiengo sindikalak eta gizarte mugimenduek espekulazioarekin amaitzea, alokairuak mugatzea eta neurri estrukturalak hartzea exijitu dute gaurko grebarekin eta manifestazioarekin batera. Halaber, salatu dutenez, soldata baxuek eta bizitzaren kostuaren igoerak herritarrak pobretzen dituzte, "bankuek eta espekulatzaileek etekin historikoak lortzen dituzten bitartean". 

Horren aurrean, Espainiako Gobernua eta Hego Euskal Herriko instituzioak kritikatu dituzte, etxebizitza "negozio soil bat" bihurtu dutelako, eta etxebizitzaren espekulazioaren kontrako neurririk hartu ez dituztelako. "Borroka eta antolakuntza kolektiboa" funtsezko tresnak direla aldarrikatu dute.

Gasteiz, leporaino

ELAk, LABek, ESKk, Steilasek, Etxaldek, Hiruk, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eguerdian deitutako manifestazioak leporaino bete du Gasteiz. Izan ere, manifestazioaren burua 12:45ean Andre Maria Zuriaren plazara iritsi denean, amaiera oraindik Bilbo Plazan zegoen. 

Amaieran, grebaren deitzaileek hartu dute hitza, eta etxebizitzaren arazoari aurre egiteko "neurri erreal eta erradikalak" eskatu dituzte. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak hiru transformazio aldarrikatu ditu. Espekulatzaileen desjabetzea: "gutxi batzuen esku dauden etxebizitzak berreskuratu eta guztion behar sozialetarako jartzea"; erabilera espekulatiboa eta errentista debekatzea: "inor ez dadin bizi langileen soldaten eta ahaleginaren kontura"; eta etxebizitza eta baliabideak langile klasearen arabera antolatzea. 

ESK sindikatuko kideak, berriz, grebaren izaera politikoa defendatu du, eta greba "ilegal" edo "politiko" izendatzeko ahaleginen aurrean, langileen eskubideak eta bizitza duinak defendatzea zeharo politikoa dela aldarrikatu du. Baliabide guztiak "bizitzara" bideratzea eskatu du, eta 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa lortzeko borrokan jarraitzea.

"Lapurreta bikoitza"

Euskal Herriko langileak zoriondu ditu LABeko eledunak gaur egindako mobilizazioengatik eta Euskal Herriko borroka tradizio historikoa nabarmendu du. "Lapurreta bikoitza" gertatzen ari dela salatu du. Lan eremuan, "patronalak enplegu bakoitzetik ateratzen duen plusbalioa eta emakumeen doako zaintza lana" aipatu ditu; eta etxebizitzan, kapitalak, bankuek eta errentistek alokairu zein hipoteken bidez langile klaseari ateratzen dioten etekina. 

Bestalde, etxebizitzaren arazoa "instituzioen gelditasunaren" eta "politika fiskal okerren" ondorio zuzena dela salatu du ELAko ordezkariak. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta udalek etxebizitza eskubidea bermatzeko politika eraginkorrik garatu ez izana kritikatu du, errentistei dedukzioak ematen dizkiotelako.

Etxebizitza sindikatuek maizterrak antolatzen eta etxegabetzeak gelditzen egindako lana aitortu du, eta langile klase osoaren batasuna (emakumeak, gazteak, pertsona migratuak) aldarrikatu du "eskubideak konkistatzen jarraitzeko".

"Soldata, etxebizitza, prezioak"

CCOO eta UGT sindikatuek Gasteizen egindako manifestazioak 800 pertsona inguru bildu ditu. Manifestazioa 11:30ean abiatu da Gobernuaren Ordezkariordetzatik, eta Floridako parkeko kioskoan amaitu da. CCOOko bozeramaileak adierazi du mobilizazioa ez dela gaur amaitzen: "Gaur urrats bat egin dugu. 29an jarraituko dugu kalean".

UGTko ordezkariak, berriz, Pedro Sanchezen gobernuak azken zortzi urteetan ezer egin ez duela esatea gezurtatu du, eta gutxieneko soldata %66 igotzeko negoziazioa aipatu du lorpen gisa.

Grebaren eragina

Gasteizen eta Araba osoan, etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrak industrian, garraio publikoan, merkataritzan eta hezkuntzan izan du eragina. Sindikatuen lehen balorazioek "jarraipen zabala" aipatu dute, nahiz eta sektore eta lantoki guztietako datu zehatzak oraindik ez dauden eskuragarri. 

Alta, Arabako patronal SEAk ziurtatu du 150 enpresatan grebaren erantzuna %8 ingurukoa baizik ez dela izan. Patronalaren ustez, "porrota" izan da greba Araban. "Laneguna normaltasun osoz egin da fabriketan", esan dute.

LABen arabera, Mercedes-Benz Gasteizko lantegiko hainbat ekoizpen lerro gelditu dira, eta beste batzuetan txanda hasteko ordua atzeratu dute. Tubacex, JEZ Sistemas, Arcelor eta Talleres Mecanicos Legutianon ere grebaren eragina nabarmendu du sindikatuak.

Aiaraldeko Greba Batzordearen eta iturri sindikalen arabera, grebak eragin handia izan du eskualdeko industrian eta merkataritzan. Tubos Reunidosen ia erabatekoa izan da jarraipena. Tubacex, Aiala Vidrio, JEZ, Maderas eta Amurrio Ferrocarrilen ere grebak eragina izan du. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago