'Sacamantecas'-en argazki ezezagunak azaleratu dituzte

'Sacamantecas'-en zenbait argazki ikusi ahal izango dira Betoñuko egoitzan. SANCHO EL SABIO

Ander Gondrak 2011n Budapesten aurkitutako lau irudi polizial erosi ditu Sancho el Sabio Fundazioak.

Sacamantecas filmaren estreinaldia dela eta, Juan Diaz de Garaioren historia berreskuratu du Sancho el Sabio Vital Fundazioak. Horretarako, erakundeak Ander Gondra historialariak 2011n Budapesteko antikuario batean topatutako lau argazki argitaragabe erosi ditu, sustatutako ikerketa baten harira. Irudi polizial hauek Pedro Mur y Yuste argazkilariak egin zituen Gasteizko kartzela zelularrean, hiltzailea sei posturatan, aurpegiz nahiz bizkarrez, erretratatzeko baimena lortu ondoren, irudiak saltzeko helburuarekin.

Kasu honek interes handia piztu zuen garaiko zientzialarien artean, pertsona baten izaera kriminala garezurraren formaren bidez aztertzen zuen XIX. mendeko frenologiaren adibide nagusietako bat izan baitzen. Horregatik, Diaz de Garaio exekutatu osterako, auzitegiko medikuek haren garuna eta garezurra atera zituzten azterketak egiteko, nahiz eta gaur egun oraindik ez dakiten non dagoen garezur hori.

Horrez gain, Becerro de Bengoaren 1881eko liburua eta hiltzailearen lehen erretratua sarean kontsulta daitezke Sancho el Sabioko Euskal Memoria Digitalean. Argazki misteriotsu hauek eta garezurraren desagerpena aurkezteko, Fundazioak hitzaldi bat antolatu du Ander Gondrarekin azaroaren 10ean, 18:00etan, Betoñuko egoitzan. Sarrera doakoa da, aldez aurretik webgunean izena emanda.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago