Santsomendiko etxegabetzeak gutxienez 140.000 euroko kostua izan zuela salatu dute

Zuriñe Prieto Gallego

Bortizkeria poliziala salatzeko agerraldia. ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA.

Duela bi aste Santsomendin etxegabetzearen "kostu ekonomiko eta soziala" salatu dute. Etxebizitza Sindikatuaren arabera, polizia operatiboak 140.000 eurorainoko kostua izan zuen, polizien soldatetan soilik.

Urriaren 23an,  sei adingabeko familia bat etxegabetu zuten Santsomendi auzoan. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituriko ehunka gazte saiatu ziren geldiarazten bertan antolatutako elkarretaratzearen bidez. Hala ere, Ertzaintzaren eta Gasteizko Udaltzaingoaren polizia operazioak etxegabetzea gauzatzea lortu zuen.  Orain, Sindikatuak salatu du operazioren gastua 140.000 eurokoa izan zela, "polizien soldatetan soilik", gastuak handitu baitaitezke operazioren gainerako gastuak kontuan hartuz gero. 
 
Etxebizitza Sindikatua Sozialistak azaldu duenaren arabera, operatiboaren gutxieneko kostua 42.900 eurokoa izan zen, sei ordu eta erdiz lanean aritu ziren 300 agenteko plantilla baten soldata gordinak soilik kontuan hartuta. Karga sozialak, Brigada Mugikorraren osagarriak, dietak eta ordu estrak gehituz gero, egindako estimazioa 75.000 eta 100.000 euro artekoa da. Agenteak euren egun librean deitu bazituzten, faktura 140.000 eurotik gorakoa izan daiteke guztira. 
 
Kostu sozialei dagokionez, Poliziak bi atxilotu eta "90 pertsona baino gehiago" zauritu zituela azpimarratu dute. Operatiboan zehar, "Ertzaintzak hainbat aldiz kargatu zuen protestan zeudenen aurka eta foam jaurtigailuak jaurti zituen". Hori dela eta,
elkartutako pertsonen aurkako Poliziaren "jazarpen basatia" salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Aldi berean, etxegabetutako familiaren egoera salatu dute, etxebizitza alternatiba gabe jarraitzen duela ohartaraziz.  Sindikatuaren ustez, bereziki larria da erakundeek sei adingabeko familia bati etxebizitza-alternatiba bat bermatzeko baliabiderik ez dutela argudiatzea,"aldi berean etxegabetze bat aurrera eramateko diru publikoaren horrenbesteko kopuruak bideratzen dituzten bitartean". 
 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago