Legutioko Atea itxiko dute, Iparraldetik Frantzia kalera

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Astelehenetik aurrera itxiko dute Legutiko Atea kalea. GASTEIZKO UDALA

Datorren astelehenetik, azaroaren 9tik aurrera, itxiko dute kalea, eta mozketa 2027ko maiatzaren amaierara arte izango da.

Datorren astelehenetik, azaroaren 9tik, aurrera, Legutioko Atea itxita egongo da ibilgailuen zirkulaziorako, Karlos I. Enperadorearen plazaren (Iparralde gizarte etxea) eta Frantzia kalearen arteko zatian. Mozketa 2027ko maiatzaren amaierara arte egongo da indarrean.

AMVISAk ur-hornidurako eta saneamenduko sare berriak instalatzeko lanekin jarraitu ahal izateko egingo moztuko dute kalea, erreforma integrala egiteko irailean hasitako lanen barruan.

Aldi horretan, garajeetarako, zerbitzuetarako eta zamalanetarako sarbidea mantenduko da. Sarrera Kalonjeen Zidorra kaletik egingo da, eta irteera Frantzia kaletik. Horretarako, ibilgailu horientzat soilik gordetako zirkulazio erreia egokituko da.

Joan-etorriak errazteko, gidariek bi ibilbide alternatibo izango dituzte:

  • Errege-Erregina Katolikoak – Arriagako Atea – San Ignacio Loiolakoaren kalea.
  • Errege-Erregina Katolikoak – Ballester Apezpikuaren kalea – Jose Mardones.

Gainera, mozketak TUVISAren bi lineari eragingo die: 3. lineari (Betoñu-Goikolarra) eta G1 Gautxoriari. Biek ibilbidea aldatu beharko dute azaroaren 9tik 2027ko maiatzaren 30era arte. 3. linearen kasuan, geltoki guztiak mantenduko dira. G1 Gautxoriak, berriz, ez du geldialdirik egingo Frantzia/San Anton geltokian. Horren ordez, erabiltzaileek Ballester Apezpikuaren eta Jose Mardones kaleko geltokiak izango dituzte aukeran, 9. lineak erabiltzen dituenak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago