Igande goizean bi eraso matxista gertatu ziren Gasteizen. Batetik, udaltzainek 56 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, Arriagako Ateko ostalaritza establezimendu batean, emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta. Udalaren oharraren arabera, erasotzaileak baimenik gabeko ukituak egin zizkion emakumeari lokalaren barruan. Horren lekuko izan zen bertako langile bat. Gainera, gizonak beste emakume bati sexu proposamenak egin zizkion asmo lizunekin.
Halaber, genero indarkeriari lotuta, 40 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Zaramaga auzoan, bikotekide ohiari eraso egiteagatik eta hertsatzeagatik. Antza denez, gizona lurrean eraso egiten hasi zitzaion emakumeari eta erasoa ikusi zuen lekuko baten esku hartzeari esker, erasoa geldiaraztea lortu zen.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.