Azaroaren 3tik aurrera egongo da ikusgai Atarian Oceanus Plasticus erakusketa. Hala, Salburuko hezeguneen interpretazio zentroak harrera egiten dio ozeanoen kontserbazioa eta erabilera jasangarria erdigunean jartzen duen EHUko ekimenari. Atarian sartzen direnek, itsasoak hartzen ari diren hondakinek sortutako izaki berriak ikusi ahal izango dituzte. Irudimenaren bidez sortutako izaki horiek ozeanoko espezieen eta gizakiak sortutako hondakinen arteko elkarreraginaren ondorio gisa aurkeztu dituzte.
Erakusketa hau EHUko Zientziaren Astearen barruan antolatui dute, eta plastikoek eragindako kutsadura aurkezten du itsas bizitzako aberrazio berrien sorburu gisa. Antolatzaileen esanetan, erakusketak modu originalean berreskuratzen ditu Erdi Aroko tradizio kartografikoak, gaur egungo bestiarioari bizia emanez. Proiektuak giza portaeraren eraginak irudikatu nahi ditu modu poetikoan, ilustrazioen bidez baliabide naturalen aurkako harrokeriari kritika eginez.
Leire Fernandez Iñurritegi eta Eduardo Herrera Fernandez EHUko Arte Ederren Fakultateko Marrazketa Saileko irakasleek komisariatu dute erakusketa, eta Plentziako Itsas Estazioaren (PiE-EHU) laguntza zientifikoa izan duen diseinu grafikoko hezkuntza planteamenduaren emaitza da. Borja Rodriguez Gasteizko Ingurumeko zinegotziak adierazi du proiektua babesten dutela "herritarren ingurumen kontzientzia piztea helburu duelako eta jasangarritasunari lotutako giza balioak sustatzen dituelako".
Oceanus Plasticus erakusketa azaroaren 25era arte egongo da ikusgai Atarian, asteartetik igandera, 11:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:00etara.