Ikuskatutako patineteen erdiek ez dute legea bete

Orain arteko arauez gain, betekizun berriak indarrean sartu dira orain. JUANMA GALLEGO / ALEA 

Gasteizko Udalak 99 ibilgailu ikuskatu ditu azken kanpainan, eta 46 gidari salatu ditu.

MPI Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak kontrolatzeko urriaren 1etik 4ra eta 12tik 18ra Gasteizko Udalak egindako kanpaina bereziak halako 99 ibilgailu ikuskatu ditu, eta, ondorioz, ia erdiri salaketa jarri diete. Udalak ezagutzera eman duenez, egindako 11 kontroletan 52 salaketa jarri dizkie 46 gidariri.

Arau hausteei dagokienez, gehien errepikatu dena matrikularik eza izan da, 20 salaketarekin. Ia salaketa kopuru berdina jarri zaie oinezkoentzako guneetan ibili direnei —19 salaketa—. Beste lau salaketa jarri dituzte kaskoa ez eramateagatik, eta hiru bi pertsona joategatik. Aseguruari dagokionez, datuek erakusten dute hori dagoeneko gidarietan dezente txertatuta dagoen betekizuna dela, bik baino ez zeramatelako asegururik. Beste bi salaketa 15 urte baino gutxiago izateagatik izan dira. Azkenik, salaketa bana izan da aurikularrak erabiltzeagatik eta alkoholemiagatik.

Bestetik, udaltzainek indarrean jarri den arau berrien inguruko informazioa eman diete gidariei. Udalaren arabera, horien gainean informazioa baino ez da eman, salaketa jarri gabe. Arau berrien arabera, gauez edo argi gutxi dagoenean argiztapena edo elementu islatzaileak erabili beharko dira hemendik aurrera, eta jardun profesionalean ari diren gidariek txakeko islatzailea erabili beharko dute.

"Baimendutako guneetatik zirkulatzearen, patinete elektrikoen erabilera baldintzak errespetatzearen eta gidarien nahiz bide publikoa erabiltzen duten gainerako pertsonen segurtasuna arriskuan jar dezaketen jokabideak saihestearen garrantzia" gogorarazi nahi izan dutela adierazi du Segurtasuneko zinegotzi Cesar Fernandez de Landak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago