Errautsen ehorzketek gora egiten jarraitzen dute Gasteizen

Zuriñe Prieto Gallego

Santa Isabel hilerria. ALEA

Hilobi ohituren aldaketa geroz eta nabarmenagoa da hilerrietan. Urteko balantzearen arabera, errausketen ehorzketak erdia baina gehiago dira gaur egun.

Domu Santu eguna gertu dela eta, Miren Fernandez de Landa zinegotziak Gasteizko hilerrien urteko balantzearen aurkezpena egin du. Santa Isabel eta El Salvador hilerriei buruzko datuen arabera, errautsen ehorzketak guztizkoaren %55,1 dira, eta ehorzketa tradizionalenak, berriz, %44,9. "Gero eta familia gehiagok aukeratzen dute errausketa", adierazi du Fernandez de Landak. Izan ere, errautsen ehorzketek goranzko joera izan dute azken urteotan eta iaz, lehen aldiz, "hilotzenak baino gehiago izan ziren".  

Gainera, hilobi ohituren bilakaera bereziki nabarmena da duela hamar urtekoarekin alderatuz gero, orduan errautsak ehorzketen %37,3 baitziren. Aurtengo datuek berretsi baino ez dute egin aspaldiko joera, errausketak handitzen jarraitzen du eta lehentasunezko aukera gisa azaleratzen da gasteiztarren artean. Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziaren esanetan "aldaketa handia da eta gure hilerriak behar berri horietara egokitu behar ditugu".

Bestetik, Fernandez de Landak azaldu du, aurten, Gasteizko Udalak 775.496 euro bideratu dituela El Salvador hilerrira, batetik etxadien urbanizazioaren zati bat eraberritzeko eta bestetik nitxoak konpontzeko. Legegintzaldiaren hasieratik beste lan batzuk egin dira ere hilerrian, adibidez, 256 kolunbario eraikitzea (errausketen ehorzketarako berariazko tokiak) edota musulmanen komunitatearen ehorzketetarako lursaila handitzea.

Domu Santu zubiari begira, Tuvisak El Salvador hilerrirako autobus zerbitzua indartuko du urriaren 30ean eta 31n, eta azaroaren 1ean. Lehen bi egunetan, autobusak ordu erdiro egongo dira, eta Santu Guztien Egunean, berriz, 15 minuturo. Irteerak Prado kaletik egingo dira eta ordutegiak Udalaren webgunean kontsulta daitezke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago