indarkeria matxista

Taberna bateko komunetan gizon batek hainbat emakumeren irudiak grabatu dituela salatu du Itaiak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Agerraldia egin du Itaiak Gasteizko tabernan jazotako eraso matxista salatzeko. HALA BEDI

"Erasotzaileen inpunitatearen zein horiek babesten dituzten konplizeen aurka egitea" ezinbestekoa dela azpimarratu dute agerraldi batean.

Gasteizko Itaiak agerraldia egin du asteon, hiriko taberna bateko komunetan gizon batek hainbat emakumeren irudiak grabatu dituela salatzeko. Emakumeen Antolakunde Sozialistak azaldu duenez, erasoak behin baino gehiagotan gertatu dira, emakumeak horretaz ohartu eta erasotzaileari aurre egin dioten arte.

Itaiak azaldu duenez, kasua bereziki larria da, "erasotzaileak urteetan zehar jarrera matxistak izan dituen arren guztiz babestuta egon delako, besteak beste, kirol esparruan izan duen posizio pribilegiatuari esker".

Gasteizko kasuan erasoak jasan dituzten emakumeei babes osoa eman die Itaiak: "Emakumeon arteko babesa inoiz baino gehiago zabaldu behar dugu, eta elkarrekin antolatu eraso ororen aurka borrokatzeko", esan dute. Horrekin batera, erasotzaileak babesteari uzteko exijitu du erakundeak. "Erasotzaileen inpunitatearen zein horiek babesten dituzten konplizeen aurka egin behar dugu".

Nabarmendu dutenez "gero eta ohikoagoa" da orotariko irudien bidez emakumeei erasotzea: "Zenbait gizonek harreman pertsonal eta afektiboak baliatuz emakumeon irudi sexualak zabaltzen dituzte; hainbat txokotan emakumeon irudi sexualizatuak zabaltzen dituzten foroak atzeman dira; eta egunerokoan ere gure irudiak hartzen dira garraio publikoan, aldegeletan, komunetan edo lantokietan, CAF enpresan gertatu bezala".

Horiek horrela, seinalatu dute erasotzaileek "inpunitate osoz" jarduten dutela gisa horretako erasoetan; "irudiak grabatzeko eta zabaltzeko anonimotasunean ezkutatzen direlako", eta "erasotu askok ez duelako gertatutakoaren berri izaten". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago