21 Zabalgunea udal-sozietateak gazteentzako alokairuko etxebizitzen programa berria abiatuko du Gasteizko Alde Zaharrean. Udal gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioaren emaitza da ekimena, eta akordio honek ahalbidetuko du gazteen ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzea udal-sozietateak sustatu edo birgaitzen dituen etxebizitzak.
Alokairu babestuko formula baten bidez jarriko dira etxebizitzak gazteen eskura. Hilabetero 200 eta 550 euro arteko errenta izango dute, etxebizitzaren tamainaren eta gazteen diru sarreren arabera. Alokairuak ezingo du bizikidetza unitatearen diru sarrera gordinen %30 gainditu.
Borja Rodriguez Hiri Eredu, Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzi eta 21 Zabalguneko presidenteak azaldu duenez, programaren helburua da etxebizitzen funtzio soziala berreskuratzea, gazteen diru sarreretara egokitutako alokairuak sustatuz. Horrez gain, Alde Zaharreko biztanleria gaztetzea ere bilatzen du ekimenak, zinegotziak nabarmendu duenez.
EH Bilduko zinegotzi Xabier Ruiz de Larramendiren hitzetan, programa gazteei alokairu eskuragarria eta egonkorra eskaintzeko sortu da. Haren arabera, neurriak balioko du "emantzipazioa errazteko eta gazteek beren bizi proiektu independenteak garatzeko". Alokairu kontratuek gutxienez zazpi urteko iraupena izango dute, eta ohiko bizileku iraunkor gisa erabili beharko dira.
Parte hartzeko baldintzak
Bi hilabeteko epea izango da eskaerak aurkezteko, programa 21 Zabalgunearen webgunean argitaratzen denetik aurrera. Behin epea amaituta, batzorde tekniko batek eskabideak ebaluatuko ditu, eta ondoren argitaratuko da baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerrenda, lortutako puntuazioarekin batera.
Parte hartu ahal izateko, bizikidetza unitateko kideetako batek gutxienez izan beharko du adin nagusikoa eta 36 urtetik beherakoa. Era berean, gutxienez kide batek hiru urtez erroldatuta egon beharko du Gasteizen, ezin izango dute etxebizitzarik eduki jabetzan, eta azken PFEZ zergaldian 51.282 euro baino gutxiagoko diru sarrerak egiaztatu beharko dituzte.
Baremazioan beste hainbat irizpide hartuko dira kontuan, besteak beste, eskatzaileen zerrendan daramaten denbora, desgaitasun intelektuala edo gaixotasun mentala duten, Alde Zaharrean lan egitea, auzoan lehen mailako senideak izatea edo hiru urtetik gora gurasoen etxean, Alde Zaharrean bertan, bizitzea.
Prezioei dagokienez, 200 eta 550 euro artean ordaindu beharko dute, etxebizitzaren tamainaren eta eskatzailearen diru sarreren arabera. Hileko 200 euroko errenta ordainduko da, esaterako, logela bateko etxebizitzetan, urtean 12.820,50 eta 17.094 euro arteko diru sarrerak dituzten gazteen kasuan. Beste muturrean, hiru logela edo gehiagoko etxebizitza baten truke hilean 550 euro ordainduko dute urtean 42.736 eta 51.282 euro arteko diru sarrerak dituztenek.
Udalaren arabera, programak gazteen etxebizitzarako sarbidea errazteaz gain, Alde Zaharreko bizitasun soziala indartu eta auzoan biztanle gazte gehiago erakartzen lagunduko du. Ez dute zehaztu zenbat etxebizitza jarriko diren guztira gazteen eskura, baina azaldu dute funtzio honetara bideratuko direla 21 Zabalguneak sustatzen dituen etxebizitzak eta birgaitzen dituen eraikinak.
Hala ere, aurretik iragarritako programen lerroa jarraitzen du gaur aurkeztutako neurriak. Ekainean iragarri zuten Borja Rodriguez eta Rocio Viterok akordioa lortu zutela udal gobernua eta EH Bilduren artean, Gasteizko Alde Zaharreko hainbat eraikin berritzeko. Gazteei bideratutako 24 etxebizitza berri inguru sortuko zirela azaldu zuten orduan, Zapatari eta Hedegile kaleetan bina bloke egokituta, eta bosgarren bat Barnekale berria kalean.