Desjabetzeen aurrean, haurren eskubideak babesteko exijitu du Abendaño ikastolak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Abendañoko ikastolan egin dute elkarretaratzea goizean. Argazkia: AFA Abendaño

Ikastolako familien elkarteak elkarretaratzea egin du goizean. Ostiraleko poliziaren "interbentzio bortitza" salatu dute.

"Etxe bat ez da soilik teilatu bat: babesleku bat da, segurtasun gune bat eta bizi proiektu bat garatzeko aukera bakarra". Hitz horiekin salatu du Abendaño Ikastolako Familien Elkarteak azken astean gertatu diren desjabetzeak. Goizean egin dute elkarretaratzea eskolaren aurrean.

Etxerik gabe geratzeak adingabeengan duen inpaktua nabarmendu dute eskola komunitateko kideek, eta haien eskubideak urratzen ari direla gogoratu dute. "Adingabeek horrelako egoerei aurre egin behar izateak larriki baldintzatzen du haien egonkortasuna. Haurren eskubideak bermatzea aldarrikatzen dugu, eta berehalako konponbidea eskatzen dugu", esan dute.

Horregatik, auzi honetan ardura duten erakunde publikoei zuzendu dira familiak. "Eskatzen diegu premiaz jokatzeko, ahalik eta azkarren esku har dezatela familia horiei eta egoera horretan dauden guztiei etxebizitza duina bermatzeko".

Bestalde, kezka ere adierazi  dute joan den ostiraleko Poliziaren interbentzioaren aurrean. "Irudiek haiek beraiek hitz egiten dute", esan dute, eta azpimarratu dute ezin dela inola ere justifikatu Poliziak erabili zituen "metodo bortitzak", eta are gutxiago "adingabeen aurka erabiltzen direnean".

Desjabetu dituzten familien datu pribatuak zabaldu dituzten hedabideengana ere zuzendu dira, eta arduraz jokatzea galdegin dute.  "Ez da bidezkoa udalaren txostenak erabiltzea, datuen babeserako legea urratzen duelako, besteak beste", gogoratu dute.

Familiak, egoera prekarioan

Abendaño Ikastolako Familien Elkarteak azaldu duenez, gaur egun oso egoera prekarioan daude azken astean etxegabetu dituzten bi familiak. Etxegabetua izan zen lehenengo familiari dagokionez (ama bat eta bi adingabe), une honetan pentsio bateko logelan bizi da, sukalderik gabe eta komun partekatuarekin.

Beste familiari dagokionez (ama bat, aita bat eta sei adingabe), berriz, etxegabetua izan eta gero eskaini zitzaion aukera bakarra udal aterpetxea izan zen. "Ondorioz, egun osoa kalean eman behar izan dute", salatu dute.

Abendañoko familiek azpimarratu dute higiezinen merkatuaren ondorioz ezin dela etxebizitza bat eskuratu eta erakundeek ez dutela aurreikuspen nahikorik egiten etxebizitzaren eta gizarte ongizatearen arloan. "Gure adingabeek ez dute etxebizitzarik aseguratuta; gazteek, elkartasuna adierazten dutenean, poliziaren jarduera gogorrari aurre egin behar diote; eta, gainera, familiek euren pribatutasunerako eskubidea urratuta ikusten dute".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago