36ko Gerra eta Aurelio Artetaren lana dira Artiumek eta Arabako Arte Ederren Museoak abiatutako elkarlan bereziaren ardatz nagusia. Bi erakundeek euren bildumetako pieza ikonikoak trukatzea erabaki dute, eta, horri esker, Aurelio Artetaren Tríptico de la Guerra lana Gasteizko arte garaikideko museoan dago jada ikusgai, Arte Ederren Museotik ekarrita. Artelan historiko honek 1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketa eta gerraren tragedia gogorarazten ditu, 2027an Artiumek beteko dituen 25 urteak ospatzeko prestatu duten egitarau zabalaren barruan.
Truke berean, Pablo Picassoren Mousquetaire à la pipe lana Arabako Arte Ederren Museoaren aretoetara itzuliko da behin-behinean, Foru Aldundiak 1979an erosi zuenetik bi hamarkada baino gehiagoz bertan eskegita egon eta gero. Mugarri honek bi museoen arteko harremana sendotzeaz gain, erakutsitako lanen arteko konparazio historiko aberatsa egiteko aukera eskaintzen du, museoetako arduradunek azaldu dutenez. Aurelio Artetak eta Pablo Picassok 1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketa ospetsuan elkarrekin parte hartu bazuten ere, bi koadro hauetan oso ikuspegi desberdinak erakusten dituzte garai hura irudikatzeko; Artetak Gernikako tragedia biltzen du bere triptiko historikoan, eta Picassok, berriz, antiheroi baten autoerretratua eskaintzen du.
Bilduma ardatz
Gaur goizean ospakizun zein erakusketa hauen guztien berri eman duten aurkezpenean, Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak azpimarratu du "bildumaren ikerlanak, artxiboetako lanak eta gaur egungo artistekiko elkarrizketak" izango direla urteurreneko lan ildo nagusiak. Urteurren hau ospatzerakoan, halaber, helburua museoaren sorrera abiatu zuten erabakiak, ikuspegia eta lana aitortzea dela esan du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak. "Azken finean, horiek guztiak baitira museoaren garapenari zentzua ematen jarraitzen dutenak".
Artetaren lanak irekitzen duen bide historiko horri jarraituz, 2027rako aurreikusten duten bildumaren berrantolaketaren lehen lagina ikus daiteke jada museoan. Orain taldeak 1966an Arabako Arte Ederren Museoan antolatu zuen erakusketako lanak eta agiriak bildu dituzte. Pieza eta dokumentu horiei esker, euskal arte garaikidearen une giltzarri bat eta gaur egungo museoaren lehen urteak berrezagutu daitezke, Herraezek gogoratu duenez. Bertan daude ikusgai Juan Mieg eta Carmelo Ortiz de Elgearen margolanak, Amable Ariasen lan batzuekin batera. Horiekin batera, Joaquin Fraileren zein Jose Ignacio Vegas Aranbururen artxibo materialak biltzen dira; agiri horiek katalogatu eta digitalizatu egin dituzte, eta dagoeneko museoaren webgunean daude ikusgai. Aipagarria da gaur egun A0 aretoan dauden lan batzuek eman ziotela, hain zuzen ere, hasiera Artium museoko bilduma osoari.
Ospakizunaren ardatz nagusia museoaren bilduma bera izango da; gaur egun, museoak 3.000 artelan baino gehiago ditu bere funtsean, guztiak ere Arabako Foru Aldundiaren arte moderno eta garaikideko bilduma zaharrean jatorria dutenak. 2027ko lehen seihilekoan zehar hiru erakusketa nagusi antolatuko dituzte Gasteizen. Lehenik eta behin, martxoan A0 aretoan bildumaren jatorriari buruzko erakusketa berria irekiko dute. Ondoren, apiriletik aurrera, A1 eta A2 aretoetan egungo artelan berrienak jarriko dituzte ikusgai. Azkenik, azaroan I Baschi alla Biennale 1976/2026 erakusketa zabaldua iritsiko da A3 aretora, eta hurrengo urteko maiatzera arte egongo da zabalik publikoarentzat.