Bederatzigarren edizioa du Gaztefilmfest jaialdiak, haurrei zuzendutako zinema jaialdia, "esperientzia artistiko eta hezitzaile kolektiboa", antolatzaileen hitzetan. Aurten azaroaren 19tik 29ra ospatuko da Gasteizen, baina prestaketa lanetan murgilduta daude jadanik.
Haur eta gazteak eragile aktiboak dira Gaztefilmfesten, proiektuaren etapa guztietan parte hartzea bilatzen baitute antolatzaileek, eta horrek "proiektua bakar egiten du mundu osoan". Zinhezba eta Kalakalab elkarteek antolatzen dute jaialdia.
Ikastaro eta tailer ezberdinak antolatzen dituzte haurrak prozesuaren parte bilakatzeko, esaterako, bikoizketa tailerra, programazio tailerra, haurren epaimahaia edo serigrafia tailerra. Marieta Colomok urteak daramatza, besteak beste, bikoizketa tailerrean haurrei laguntzen. Grabaketa egun batean bertara hurbildu gara, esperientzia gertuagotik ezagutzeko.
Haurrak bikoiztaile
"Ume askorentzat zinemara hurbiltzeko lehen aukera izaten da, zinema beste ikuspuntu batetik ikusteko, prozesuak nolakoak diren ulertzeko", dio Colomok. Urtero jaialdian proiektatuko den film bat bikoizten dute gutxienez, baita film laburren bat edo beste ere, eta 10-17 urte bitarteko haurrek beraiek jartzen diete ahotsa pertsonaiei. Deialdi irekia izaten da, hurrengo urteetan batu nahi izanez gero.
Euskarara bikoizten dute pelikula. Normalean atzerriko pelikulak izaten dira, eta garrantzi berezia ematen diote Gaztefilmfesten euskararen presentziari. Haurrentzat euskaraz hitz egiteko aukera polita dela dio irakasleak, "euskaraz aritzeko modu dibertigarri batean, euskararekin jolasteko". Azken finean, aktore lana egiten dute haurrek, interpretazioa.
Urrian zehar asteazkenero elkartzen dira, gehiagotan ere bai behar izan ezkero, eta bertan prestatzen dute bikoizketarako beharreko materiala. Ahotsak jarri behar dituzte, pertsonaia bakoitzari egokitutako ahotsa bilatu, intonazioa entseatu, testua errepasatu, eta grabatu ere egiten dute Sama zinema elkartearen egoitzan.
Grabatzeko ekipo profesionala erabiltzen dute Gaztefilmfestean bikoizketa lanetarako. Dena prest dagoenean, banan-banan sartzen dira grabaketa estudiora. "Lan gogorra da haientzat", dio Colomok, jatorrizko bertsioa entzun eta denboran sartu behar izaten dutelako, behin baino gehiagotan saiatuta maiz. Ondoren postprodukzioan ahotsak gehitzen dizkiote pelikulari, eta publikoan erakusteko prest geratzen da, jaialdiaren zain.
Zinema, barrutik
Haur eta gaztetxoak ahalik eta gehien sartu nahi izaten dituzte jaialdiaren esparru ezberdinetan. "Haurrak izatea jaialdia egiten dutenak", Colomoren hitzetan. Programazio tailerra ere erabiltzen dute horretarako. Urtean zehar, ikastetxe ezberdinekin elkarlanean, film laburrak ikusten dituzte ikasleekin batera, eta haurrek beraiek erabakitzen dute zein izango diren jaialdian ikusiko diren laburmetraiak.
Epaimahai lana ere egokitzen zaie haurrei. Jaialdian proiektatzen diren pelikula guztiak ikusten dituzte, eta haurrez osatutako epaimahaiak erabakitzen ditu irabazleak. 6 eta 12 urte bitarteko haurrak izaten dira epaile, eta prozesu dibertigarria dela azaldu du irakasleak. "Asko emozionatzen dira, eta oso interesgarria da ikustea nolako eztabaidak izaten dituzten haien artean, zein argudio erabiltzen dituzten pelikula bat edo beste aukeratzeko".
Jaialdi txikia da Gaztefilmfest, baina hazten doa urteetan zehar, publiko fidela bidelagun. Haurrak hazten ere ikusi dituzte bederatzi urteotan, zinemaren munduan geroz eta sartuago. Zinhezba elkarteak hogei urtetik gorako esperientzia du haur eta gazteentzako zinemaren munduan, eta Kalakalab Gasteizko ekoiztetxe berritzaileak ere gazteen munduan eta kultura ekimenak ditu ardatz. Bien artean anolatzen dute jaialdia, zinema eta giza eskubideak oinarri.
Beste zinema mota batzuk ekartzen saiatzen direla nabarmendu du Colomok, publikoari gauza berriak erakusteko. "Askotan pelikula berdinak ikusten ditugu denok, haurrentzakoak batez ere. Lobby moduko bat dago, Disney, Pixar... baina badago zinema oso interesgarria hortik kanpo, Europan, Latinoamerikan...". Teknika eta kontatzeko modu ezberdinak ekartzen dituzte urtero Gasteiza.
"Oso polita da jaialdian zehar sortzen den giroa, oso etxekoia". Aurten ere hala izatea espero dute, eta azken ukituak egiten arituko dira asteotan, dena prest utzi eta zinemaz beste ikuspuntu batetik gozatu ahal izateko, gaztetxoak gidari, azaroaren 19tik 29ra.