Txaro Marañon

"Plastiko irla baten albisteak dena aldatu zuen nire lanean"

Txaron Marañobn buztingilea, 'Sinbiotika' erakusketa aurkezten. ERLANTZ ANDA

Lau hamarkadako ibilbidea du atzetik Txaro Marañon (Gasteiz, 1955) zeramikagileak. Arte eta Lanbide Eskolan egin zituen lehen urratsak, eta harrezkero buztinaren, teknikaren eta mezuaren arteko lotura sendoa eraiki du. Ingurumenak kezkatuta, ozeanoetako kutsadura eta plastikoen krisia erdigunean jarri ditu bere sorkuntza lanez osatutako 'Sinbiotika' erakusketan.

Naturaren eta kontsumo azkarraren arteko talka aztertu du Txaro Marañonek Sinbiotika erakusketan, lurrari lotutako buztina eta erabili eta botatzeko plastikoak aurrez aurre jarrita. Egunotan, Montehermoso kulturunean ikus daitekeen bilduma honen bidez, autoreak ozeanoetako hondakin pilaketa handiari heldu eta gure garaiko ingurumen krisi larrienetako batez hausnartzeko gonbidapena egiten du.

Itxuraz, aurkako izaera duten bi osagai batera: buztina eta plastikoa?

Bai, jendea harritu egiten da biak elkarrekin ikusten dituenean. Buztingintzan hasi nintzenean buztina bakarrik lantzen nuen, eta poliki-poliki beste material batzuk ere sartzen joan naiz. Gogoan dut artelan serieetako batean buztinez egindako puxika batzuk paratu nituela, benetako zerraila zahar batzuekin itxita. Hau da, aspaldi hasi nintzen beste osagai batzuk tartekatzen, baina albiste horrek dena aldatu zuen -erakusketako horman zintzilik dagoen egunkari bateko albisteari begira-. 2010ekoa da albistea: "Hallada una isla de plástico en el Atlántico". 

Horren inguruan arakatzen hasi zinen orduan?

Harrituta geratu nintzen berriarekin. Ez nekien plastiko irla erraldoiak sortzen ari zirenik ozeanoetan. Handik aurrera hasi nintzen etxeko plastikoak biltzen eta nire zeramika lanari gehitzen. Hondartzetan ere plastikoak jasotzen hasi nintzen, nire zeramika lanei itsasteko.

Salaketa gisa?

Bai, gure eguneroko ohitura horrek, erabili eta botatzeko ohiturak, itsasoak eta ozeanoak nola kutsatzen dituen salatzeko. Salatzeko edo behintzat ikusarazteko. Arazoa hor dagoela azpimarratu nahi dut. Gero erakusketa ikusten dutenek jakingo dute zer pentsatu... Tumore lagunkoiak izendatu nuen seriea izan zen lehena, erakusketa honetan ere ikus daitekeena, Koro Martinez eta Jabi Berasategirekin batera aurkeztu nuena Segoviako La Casa de los Picos arte eskolan. Ostean, 2021ean hondartzetako plastikoak biltzen hasi nintzen.

"Zeramikazale amorratuak bildu ginen Kiru tailerrean; gogo handiarekin hasi ginen, eta hiru urte egin genituen elkarrekin"

Erakusketan ere ikus daitezke hondartza horiek. 

Argazkietan jasotzea inportantea iruditu zitzaidan. Non jaso eta zer piezatan doazen erakusten dut hor. Munduan zehar ibili naiz horiek jasotzen. Plastikoak edozein hondartzatan agertzen direla erakutsi nahi dut honekin. Norvegiako kostaldean, Indonesiara egindako bidaian, eta gertuagoko hondartza batzuetan jasotakoak ere bai: Galizia, Cadiz, Asturias... Nire lehenengo sinbiota Zurriolan jasotako plastiko batekin osatu nuen, eta Cristina Enean ikus daiteke.

Gasteizko erakusketarekin amaitutzat ematen duzu 'Sinbiota'-k egindako bidea?  

Ez dakit zer esan. Orain dela astebete pentsatu nuen: "Beno, nahikoa da, lana eginda dago". Baina orain jada agian nekea gainditu dut eta ez nago hain ziur. Ziurrenik, urarekin lotutako sorkuntza lanekin jarraituko dut, edo ur faltarekin agian. Erakusketa honetan badira adibide batzuk; sinbiota pertsonaiez gainera, plastikoa eta buztina lotzen dituztenez gainera, badira urari lotutakoak. Birgarabarren ondoan dagoen Olandina lakuan inspiratutako pieza bat dago, besteak beste. Aintzira ederra da, ur garbia duena, eta ur-liliak izaten dituena; tira, nik zaborretatik birziklatutako kristal zatitxoekin osatu dut pieza hori, modu baikor batean agian, egoera honi irtenbide bat eman nahian edo.

'Sinbiotika' erakusketan gaur egungo hondakinen arazoa beste ikuspegi batetik behatzeko tresna bihurtzen da. ERLANTZ ANDA

Hainbat teknika erabili dituzu erakusketan...

Jorratu nahi dudan gaiaren arabera teknika bat edo beste erabiltzen dut. Oso zabala da zeramikaren mundua, teknika asko daude. Mosaikoarena dugu hemen, besteak beste; gatazka hau nork konponduko duen jarri nahi nuen mahai gainean eta horretarako plater pusketekin osatutako pieza sortu dut; etxean apurtutakoak jaso eta horrekin osatu nuen mosaikoa. Bilduman ikus daitezkeen latak egiteko, adibidez, beste teknika bat erabili nuen, nanoplastikoa gure elikadura katean sartuta dagoela adierazteko; ez dira plastiko zatitxoak ikusten, baina erabili ditut eta buztinarekin nahastu ditut. Teknika ugari daude, eta ikasten jarraitzen dut, edo behintzat probak egiten. Buztingintzan proba ugari egin behar dira. 

Nolatan hasi zinen buztingintzan?

Nik ez nuen buztina ezagutzen, baina banekien Arte eta Lanbide Eskolan klaseak ematen zituztela. Nire ahizpa Marisa zebilen tartean. Haien lanak ikusi nituen eta pentsatu nuen agian nik ere saiatu behar nuela, behintzat buztina ukitzen. Hantxe hasi nintzen, Angela Etxebarria irakaslearekin, eta egunera arte. Lau hamarkada baino gehiago izango dira buztinari lotuta. 

Tailer bat antolatu zenuten garai hartan...

Kiru tailerra izan zen nire lehenengo tailerra. Beste bost zeramikagilerekin batera: Marisa ahizpa, Koro Martinez, Loli Pinedo, Ana Mari Bermeo eta Olga Bengoarekin. Lehiaketa bat irabazi genuen Gasteizko Udalak antolatutakoa: mural erraldoi bat egin genuen, 30 metrokoa, tenis pista batean. Hala egin genuen taldea eta tailerra, Hedegile kaleko 107. zenbakian.

Nola gogoratzen duzu esperientzia hori?

Zeramikazale amorratuak ginen, eta gogo handiarekin hasi ginen. Hiru urte ibili ginen elkarrekin, eta bakoitzak bere bidea egin zuen gero. Koro eta biok gaur egun dugun tailerrera joan ginen, Errementari kaleko Kaina txokora. Eta han aritu gara, 1989tik. Hasiera batean hainbat erakusketa egin genituen elkarrekin; besteak beste, Valentziako Zeramika Museo Nazionalean erakusketa polit bat 1990eko hamarkadan. EKG Euskal Keramikagile Garaikideak kolektiboa sortu genuen gero, eta taldean erakusketa pilo bat eta zenbait jardunaldi antolatu genituen. Eta azken urteetan bakoitzak bere bidea egin du, taldean bai, baina bakoitzak bere lan propioak landuz.

"Ibilbide luzeko buztingileok badugu EKG kolektiboa, baina belaunaldi berriek agian zerbait berria sortu behar dute"

EKG garrantzitsua izan al zen garai hartan?

Euskadin leku gutxi zuen zeramika garaikideak, eta taldea osatuta errazagoa zen guretzat areto eta herri desberdinetan aurkeztea. Zortzi zeramikagile ginen eta oso lan ezberdinak egiten genituen: Koro Martinez, Jone Urain, Loli Pinedo, Jabi Berasategi, Ines Gonzalez de Zarate, Maite Salutregi eta Ramon Berraondo. Arabarrak gehienak. Denon artean osatzen genuen bilduma oso erakargarria zen edonon aurkezteko, eta hainbat lekutan izan ginen: Donostian, Eibarren, Arrasaten... Gasteizen ez zen erraza izan. Aretoak falta izan dira. Luis de Ajuria aretoa zegoen garai batean, eta hor hainbat erakusketa egin genituen, baina gaur egun ez dago aretorik zeramikagileentzako eta artistentzako. Vital aretoan, esaterako, hiru areto zeuden lehen, eta orain areto erraldoi bat dago soilik; erakusketa txikiagoak egiteko aukera, beraz, desagertu egin da. Montehermoson duela bi urte egin zidaten Sinbiotika jartzeko proposamena, eta poz-pozik jarri nintzen; bilduma osorik erakusteko areto handi bat behar nuen, eta ez da erraza halako aukera bat izatea. 

Urri hasieran ALE! zeramikari buruzko nazioarteko biltzarra antolatu du Arabako aldundiak.

Estatuko zeramikagile ezagunak izan ziren Arte eta Lanbide Eskolan, eta buztingileok azoka bat jarri genuen Aihotz plazan. Esperientzia oso interesgarria izan da. Batetik, guretzat, buztingileontzat, gure artean ere elkar ezagutzen ez dugulako askok, eta hor hamabost bat elkartu ginen, ibilbide luzea daramagunok eta hasi berri direnak. Nik, esate baterako, buztingile berriak ezagutu ditut, lan oso onekin, eta poz-pozik ibili naiz. Eta, beste alde batetik, publikoarentzat ere aukera bikaina izan dela uste dut, zeramika ezagutzen ez duenarentzat.

Buztina eta plastikoa dira nagusi Marañonen erakusketan. E. ANDA

Jarraitzeko asmoz dator egitasmo hau?

Ikusiko dugu zer erabakitzen duten, baina uste dut beharrezkoa dela, garrantzitsua dela, batez ere buztingile berrientzat. Sarea egiteko beharrezkoa da. Ibilbide luzeko buztingileok badugu, esan bezala, EKG kolektiboa, baina azkenaldian agian motelago dabil, eta agian belaunaldi berriek zerbait berria sortu behar dute. Gu prest gaude laguntzeko, baina ideia berriak behar dira: tailerrak egiteko modu desberdinak, jendearengana hurbiltzeko beste modu batzuk... 

Zuk bildutako esperientzia jasoko al dute berriek?

Egia da buztingile gehienak irakasleak direla, klaseak ematen dituzte bizitzeko. Ni beste lan batzuetan ere aritu naiz, eta hogei urte daramatzat tailerrean soilik lanean. Masterclassen bat eman dut, eta Sinbiotika liburuarekin ere hainbat lekutan eman ditut hitzaldiak; eskolarik ez dut eman, baina nire lana beste modu batzuetan zabaltzen dut.

Zeintzuk izan dira zure erreferenteak?

Angela Etxebarria nire lehenengo irakaslea gogoratu behar dut. Eta gero, esate baterako, Rene Reichenbach. Harekin kurtso bat egin nuen Pontevedran, munduko zeramikagile onenak zeuden han, bere lana ezagutu nuen, eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Beti geratzen zaizu handik arrastoren bat. Maria Puig katalanarekin ere orain dela hamar bat urte kurtso bat egin nuen, eta orduan ere asko ikasi nuen. Eta Eulalia Grau ere oso inportantea izan da niretzat, buztingilea ez den arren: berak klaseak ematen ditu Bartzelonako Arte Ederren Unibertsitatean, eta ateak ireki dizkit inguru hartan, nire lana gustuko zuelako. Orain dela urtebete argitaratu nuen liburuan ere badago atal bat non galderak egiten dituen eta nire lanean sakontzen duen. Bere galderak erronka bat dira niretzat, egiten dudan hori modu desberdin batean begiratzeko pizgarria.

Abiadura garai hauetan, zer esanahi du buztinak zuretzat?

Buztina denbora da. Fresko dagoenean landu behar duzu, eta lehortzen utzi poliki-poliki... Lasaitasun horrek beste modu batean pentsatuko ez zenukeen gauzetan pentsatzeko denbora ematen dizu. Lasaitasunari lotuta dago erabat. Lanean ari naizenean ez dut interferentziarik izaten, deskonektatu egiten dut, gauez, musika klasikoa jarri eta... Egia esan, orduak ez ditut ondo antolatzen: erakusketa bat antolatu behar badut, badakit ordu asko egin behar ditudala, baina helburu jakin batekin ez bada, epea gertu ez badago, beste lan batzuetan galtzen naiz. •

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago