Aske utzi dituzte, behin-behinean, atxilotutako lau gizonezkoak

Ertzaintzak ez du informaziorik zabaldu astearte gauera arte. JUANMA GALLEGO / ALEA

Biktimekiko urruntze agindua ezarri diete ikerketapean dauden lau gizon gazteei.

Gasteizko Guardiako Epaitegiak libre utzi ditu Alde Zaharrean bi emakumeri adingaberi egindako sexu eraso baten harira Ertzaintzak atxilotutako lau gazteetako bi, kautelako neurriekin. Epaileek beste horrenbeste egin dute oraindik adingabe diren beste biekin. Horiei, baina, zaintzapeko askatasuna ezarri diete. Laurei ezarri diete ere biktimekiko urruntze agindua. Helduek aldizka beren burua aurkeztu beharko dute epaitegian.  

Astelehen goizaldean jazo da sexu erasoa, Ertzaintzak abiatutako ikerketaren arabera, eta astearte gauean baieztatu du Segurtasun Sailak bi emakumeri egindako sexu eraso baten ikerketaren barruan lau susmagarri atxilotu dituela. Ertzaintzak ez du biktimen gaineko informaziorik zabaldu.

Atxilotuetako bi adingabeak dira, 17 urte baitituzte. Beste biek, berriz, 18 urte dituzte. Ondorioz, eta sexu erasoan izan dezaketen ardura argitu aldera, komisariatik pasa ostean, Ertzaintzak Adingabeen Fiskaltzaren aurrean jarri ditu adingabeak, eta Guardiako Epaitegiarenean adin nagusitasuna dutenak. Orain epaileek erabaki dute behin-behinean aske uztea.  

Ertzaintzak dio adingabeek hainbat aurrekari dituztela. Horietako bat lau aldiz atxilotu dute aurretik, eta besteak atxiloketa eta ikerketa bana izan du. 18 urtekoei dagokienez, batek zazpi ikerketa izan ditu, eta besteak, bat.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago