Emakumeok Gerraren Aurka kolektiboak jaso du Emakume Kartagileak 2026 saria

Industria militarraren aurkako aldarri artean jaso dute saria. GASTEIZKO UDALA

Gasteizko Udalak talde feminista antimilitarista omendu du. "Lortutako eskubide guztiak emakumeen antolakuntzaren eta erresistentzia kolektiboaren emaitza dira".

Emakumeok Gerraren Aurka kolektiboak jaso du aurten Gasteizko Udalaren Emakume Kartagileak 2026 saria. Goiuri jauregian egindako ekitaldian, kolektiboak aitortza eskertu du eta emakume aitzindarien ondarea aldarrikatu.

Saria jasotzean, kolektiboko kideek nabarmendu dute "borroka bat bera ere ez dela ezerezetik sortzen" eta gaur egun dauden eskubideak aurreko belaunaldietako emakumeen antolakuntzaren, ausardiaren eta erresistentzia kolektiboaren emaitza direla. Era berean, beren jardun feminista eta antimilitarista ondare horren oinordekoa dela azpimarratu dute, bizitza erdigunean jartzeko beharra aldarrikatuz.

Ana Lopez de Uralde Berdintasun zinegotziak eman die saria, eta emakume kartagileen eta gaur egun bakearen eta justizia sozialaren alde antolatzen diren emakumeen arteko lotura azpimarratu du. Emakume Kartagileak sariak genero berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan egindako ekarpena aitortzen du urtero.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago