Gasteizko Alde Zaharreko aparkaleku batean astelehen goizaldean bi emakumek salatutako sexu eraso baten harira Ertzaintzak lau gazte atxilotu ditu, Segurtasun Sailak astearte gauean ezagutzera eman duenez.
Ertzaintzak ez du biktimen gaineko informaziorik zabaldu, baina zenbait hedabidek diote bortxaketa jasan duten bi neska adingabe direla.
Atxilotuetako bi adingabeak dira, 17 urte baitituzte. Beste biek, berriz, 18 urte dituzte. Ondorioz, eta sexu erasoan izan dezaketen ardura argitu aldera, komisariatik pasa ostean, Ertzaintzak Adingabeen Fiskaltzaren aurrean jarri ditu adingabeak, eta Guardiako Epaitegiarenean adin nagusitasuna dutenak.
Ertzaintzak dio adingabeek hainbat aurrekari dituztela. Horietako bat lau aldiz atxilotu dute aurretik, eta besteak atxiloketa eta ikerketa bana izan du. 18 urtekoei dagokienez, batek zazpi ikerketa izan ditu, eta besteak, bat.