Gasteizko bi kaleri izena aldatu diete, frankismoarekiko loturagatik

Udalak gaur gauzatu du uztailean aurreratutako erabakia. GASTEIZKO UDALA

Saenz de Tejada eta Vicente Abreu beharrean, Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo kaleak izango dira.

Erregimen frankistari lotuta daudelakoan Gasteizko kale izendegiko bost kaleren izenak aztertzeko prozesuan, udalak gaur horietako bi ordezkatzeko erabakia gauzatu du. Hala, eta udalak berak gaur ezagutzera eman duenez, San Martin auzoan dauden Saenz de Tejada eta Vicente Abreu kaleak hemendik aurrera Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo kaleak izango dira.  

Maider Etxebarria alkateak uztailean aurreratu zuen diktadura frankistari lotutako kale izendegiko izendapenak ezabatzeko pausoak ematen jarraituko zuela, Alkatetza Sailak kontsultatutako adituen oniritzia zutelako. Etxebarriaren arabera, "hiri honek memoria demokratikoan oinarritu behar du aurrera egiten jarraitzeko eta, aldi berean, kale izendegian emakumeen izen gehiago sartu behar ditu". Bide beretik, Juan de la Cierva kalearen izena Margarita Salas biokimikariaren izenarekin ordezkatuko dutela berretsi du udalak. 

Saenz de Tejada Guardiako bizitza kulturalari lotuta egon zen: besteak beste, Biasteriren Adiskide Elkarteko fundatzailea izan zen, eta La Hoya aztarnategiari buruzko lehen azterketa egin zuen. Baina, aldi berean, frankisten aldeko marrazki ugari egin zituen, oso berezko estiloan, erregimenaren propagandak luze eta zabal erabili zituena. Margolaria izateaz gain, Vicente Abreu Madariagak, berriz, 1936ko estatu kolpearen alde modu aktiboan jardun zuen. Probintziaren gobernadore militarra izan zen, bai eta Diputazioaren presidente ere. Aldundiak duela gutxi kendu dio ofizialki Arabako domina. 

Paz Diaz de Espada margolari gasteiztarra izan zen, eta bere lana gehienbat akuarelaren teknikara bideratu zuen; jardun horregatik, sari ugari irabazi zituen. Frida Kahlo, berriz, mundu osoan ezaguna den margolari mexikarra izan zen, eta bere herrialdeko kultura kolore biziekin islatu zuen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago