Gure Zirkua Gasteizera itzuliko da azaroan

Anakoz Amenabar

Uda honetan izan duten saioetako bat, Baigorrin. GURE ZIRKUA

Azaroan eta abenduan zortzi emanaldi eskainiko ditu euskal zirku ibiltariak, eta sarrerak urriaren 21ean jarriko dituzte salgai.

Gure Zirkua Gasteizera itzuliko da azaroan. Iker Galartzak eta Joseba Usabiagak 2017an abiatutako egitasmo honek euskal zirku ibiltariaren magia dakar berriro hiriburura. Proiektua osatzen duten artistek proposamen argia dakarte: ezinezkoarekin jolasean aritu eta fantasiazko ikuskizun bat eskaintzea ikusle guztiei. "Beren arte eskuzabal eta herrikoia erakutsi nahi digute. Beren lanbidea, edertasuna eta ausardia elkarbanatu nahi dute herri osoarekin, adin eta maila guztietako herritarrekin".

Gasteizera azkenekoz etorri zela zortzi urte pasa dira, eta oraingoan, azaroaren 21etik aurrera publiko orori zuzendutako emanaldiak eskainiko ditu Musikaren Pasealekuan kokatuko duten karpan. Zehazki, azaroan 21, 22, 27, 28 eta 29an izango dira hitzorduak; abenduan, berriz, beste hiru data zehaztu dituzte: 4, 6 eta 7a.

Emanaldietarako sarrerak urriaren 21ean, asteazkenean, jarriko dituzte salgai. Informazio gehiago jasotzeko eta sarrerak erosteko, interesdunek Gure Zirkuaren webgunera jo beharko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago