Gasteizko mila lonja etxebizitza ez turistiko bihurtu ahalko dira, funtzio soziala lehenetsita

Jon Hidalgo

Errota auzoko lonja bat, artxiboko irudi batean. ALEA

Udal Gobernuak eta Elkarrekin taldeak adostu dute beheko solairuetako etxebizitzen ordenantza berria. Araudia behin betiko onartzean, mila lokal inguru bihurtu ahalko dira etxebizitza edo lantegi-etxebizitza, alokairu babestua sustatuz eta erabilera turistikoa debekatuta.

Gasteizko Udal Gobernuak eta Elkarrekin udal-taldeak akordioa itxi dute lonjak etxebizitza bihurtzea ahalbidetuko duen ordenantza berria onartzeko. Araudia indarrean sartzen denean, hiriko mila lokal inguruk etxebizitza edo lantegi-etxebizitza erabilera hartu ahal izango dute, baina eraldaketa ez da automatikoa izango eta kasuz kasu aztertu beharko da.

Udal gobernuaren testuari Elkarrekinek aurkeztutako hainbat proposamen gehitu zaizkio, akordioa lortzeko. Horien artean, adostu dute sortutako etxebizitza berriak lehentasunez bideratzea alokairu babestura, alokairu sozialera edo gazteentzako alokairura. Era berean, lokal pribatuetatik sortutako etxebizitzak Bizigune programan sartzeko aukera ere aurreikusi dute, etxebizitza eskuragarrien parkea handitzeko helburuz.

Bestalde, ordenantzak zehazten du etxebizitza berri horiek titularraren ohiko bizilekua izan beharko dutela; debekatuta egongo da etxebizitza turistiko gisa, bigarren etxebizitza gisa edo bestelako erabileretarako erabiltzea. Datorren astelehenean onartu beharko litzateke behin betiko testua, Hiri Ereduaren Batzordean.

Maider Etxebarria alkatearen hitzetan, neurriak etxebizitzaren funtzio soziala indartuko du eta mugak jarriko dizkio espekulazioari. Gainera, alkateak nabarmendu du lantegi-etxebizitzen formula txertatu izanak lagunduko duela hiri barruko joan-etorriak murrizten.

Oscar Fernandez Elkarrekin koalizioko zinegotziak ere positiboki baloratu du akordioa. Haren esanetan, ez da nahikoa lokal hutsak etxebizitza bihurtzea; garrantzitsua da etxebizitza horiek herritarren beharrizanei erantzutea eta laguntzea alokairu babestua eta eskuragarria handitzen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago