Maider Etxebarriak baieztatu du 2027ko udal hauteskundeetan berriro lehiatuko dela Gasteizko alkatetza lortzeko. PSEren egoitzan egindako agerraldian, azken urteetako udal gobernuaren lana balioan jarri du eta prest agertu da hirian abian jarritako eraldaketari jarraipena emateko.
Alkateak aurrekanpainarako aukeratutako leloa, Baiezkoaren Hiria, izan da bere mezuaren ardatza. Etxebarriaren esanetan, udal gobernuak erakutsi du akordioetara iristea posible dela, alderdi guztiekin egin baititu akordioak gai ezberdinetan. Alkate sozialistak egonkortasuna eta elkarlana aldarrikatu ditu datozen urteetarako ere. Bere ustez, Gasteizek "akordio gehiago eta egonkortasun gehiago" behar ditu, konfrontazio politikaren gainetik adostasuna lehenestea. Bere burua "baiezkoaren alkate" gisa aurkeztu du.
Etxebarriak legealdiko lorpenen errepasoa ere egin du. Besteak beste, etxebizitzaren alorrean egindako urratsak nabarmendu ditu, eta aipatu etxegabetzerik gabeko hiria duela helburu. Bestelako proiektuak ere aipatu ditu alkateak, Zaramagako berroneratzea, PERI plana, lonjetan etxebizitzak arautzeko ordenantza, tranbiaren Zabalganarainoko hedapena eta kirol zein kultura azpiegituren garapena. Halaber, tokiko poliziaren indartzea eta gizarte zerbitzuen ereduan sakontzeko beharra aipatu ditu.
Aurkari politikoen aurka ere egin du Etxebarriak hitzartzean. Eskuin muturraren gorakadaz ohartarazi du, eta PPri haiekin "konplizitatea" izatea egotzi dio. Aldi berean, ezker erradikala ere kritikatu du, esanez "antifaxistatzat" aurkezten dela baina intolerantziaz jokatzen duela. Etxebarriaren esanetan, gehiengo sozialak gorrotoa, zarata eta konfrontazioa baztertzen ditu, eta kudeaketa, errespetua eta egonkortasuna lehenesten.
Cristina Gonzalez Jaurlaritzara
Arabako alderdi sozialistan ere mugimendu garrantzitsua izango da datozen egunetan. Cristina Gonzalez PSE-EEko presidentea eta Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusi ordeak Eusko Jaurlaritzara egingo du jauzia, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu kargua hartzeko. Javier Hurtadoren lekua hartuko du, hark postua utzi behar duelako Espainiako hauteskunde orokorretarako sozialisten zerrendaburu izateko ardura hartu ostean. Izendapen horrekin, Imanol Pradalesen gobernuak bere lehen aldaketa egingo du 2024an osatu zenetik.