Gasteizko udal gobernuak eta EH Bilduk datorren urterako ordenantza fiskalak adostu dituzte. Horren arabera, udalak ez ditu zergak igoko, baina tasa eta prezio publikoak %3 "gaurkotuko" ditu, bai udalak zein alderdi abertzaleak erabilitako hizkeran. Besteak beste zaborren tasa portzentaje horretan igoko da datorren urtean.
Ohar batean, udalak iragarri du akordioak aukera emango duela "zerbitzu publikoen prestazioa eta kalitatea bermatzeko". Hala, Maider Etxebarria alkateak esan du "akordio ona" izan dela, eta, udalarentzako "diru sarrerak bermatzeaz" gain, "erakundeen egonkortasuna indartzen" duela.
Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak aldarrikatu du akordioak lortu duela "gobernuaren hasierako igoera geldiaraztea", bai eta "jendea babestearen eta udalaren ahalmen ekonomikoari eustearen arteko oreka" mantentzea ere. Dioenez, akordioak erakusten du bere alderdia "erantzukizunez" jokatzen ari dela.
Hasiera batean udalak zaborren tasa %9,5 igotzea proposatzen zuen, Hondakinen Legea betetzeko. Lege horrek udalak eta bestelako tokiko erakundeak behartzen ditu zabor bilketaren kostu osoa tasa espezifiko baten bidez finantzatzeko, baina, momentuz, ez da hala izango.