Gasteiztxo Gasteizko tren turistiko elektrikoa urteko sasoi turistiko nagusietan ere ibiliko da aurrerantzean. Udalak asteburuan argitaratu duen lizitazio berriak zerbitzua indartzea aurreikusten du: udako kanpainari eusteaz gain, 2027ko abenduko zubian eta Gabonetan, eta 2028ko Aste Santuan ere martxan jartzeko asmoa dute.
Hala, orain arte batez ere udako eskaintzarekin lotuta egon den tren turistikoak hiriko turismo eskaintza osatuko du, urteko bisitari gehien erakartzen dituzten beste garai batzuetan ere.
Berrikuntza nagusietako bat Aste Santuko kanpaina izango da. Kontratuaren lehen aldian, trenak 2028ko apirilaren 7tik 17ra egingo du zerbitzua: guztira 11 egunez. Bigarren aldian, berriz, 2029ko martxoaren 23tik apirilaren 2ra, 11 egunez.
Zerbitzuak guztira 140 eguneko jarduera izango du urte bakoitzean. Horietatik gehienak udan egingo dira, baina abenduko zubiak, Gabonek eta Aste Santuak protagonismo handiagoa hartuko dute hemendik aurrera. Ohiko ibilbidea Erdi Aroko Hirigunean eta Zabalgunean barrena egingo da, eta egunero zazpi irteera inguru eskaintzea aurreikusten da.