Gasteiz Anitzak aztergai jarriko du alderdi politikoen konpromisoa arrazakeriaren aurka

Anakoz Amenabar

Peio Salazarrek eta Rosabel Argotek aurkeztu dute konpromiso etiketa. GASTEIZ ANITZA

Energia etiketen ereduan oinarrituta, hamar adierazleren bidez aztertuko dituzte diskurtsoak, jarrerak eta proposamenak datozen hauteskundeei begira.

Gasteiz Anitza herri ekimenak Gasteiz anitz baten aldeko konpromiso etiketa aurkeztu du. Tresna horren bidez, datozen hilabeteetan hiriburuko alderdi politikoek auzoetako kultura aniztasunari, migrazioari eta kulturarteko bizikidetzari buruz egiten dituzten diskurtsoen jarraipena egingo dute, hain zuzen, azaroko eta maiatzeko hauteskundeek markatutako aldian.

Zer esaten den, nola esaten den eta tokiko politikatik zer nolako markoak eraikitzen diren aztertu nahi dute, arreta berezia jarriz diskurtso horiek "hiri kohesionatu eta anitz bat eraikitzen laguntzeko duten gaitasunean".  Energia etiketen hizkuntza bisuala eta eraginkortasunaren ideia oinarri hartuta, ekimenak diskurtso politikoek aniztasunarekin zein bizikidetzarekin duten konpromiso maila ikusaraziko dute, "lidergotik jarrera problematikora doan eskala baten bidez". Horretarako, etiketa hamar adierazleren inguruan egituratu dute; besteak beste, migrazioari eta asiloari buruzko diskurtso arduratsua erabiltzea, Aranako harrera zentroa ez instrumentalizatzea, polizia jardueretan egon daitezkeen joera arrazistei aurre egiteko protokolo bat sustatzea eta eskubide berdintasuna nahiz babes humanitarioa bermatzea.

Gasteiz Anitza dagoeneko bildu da udalean ordezkaritza duten alderdi guztiekin tresna aurkezteko eta autoebaluazioa egitera gonbidatzeko. Jasotako erantzunetatik abiatuta, sareak alderdi bakoitzak adierazitako konpromisoa eta haien jarrera nahiz proposamen errealak alderatuko ditu. Oraingoz PPk parte hartzeko gonbidapena baztertu du, eta gainerako alderdien erantzunaren zain jarraitzen dute.

Gasteiz Anitza 2024-2025 ikasturtean Errota auzoan izandako komunitate esperientzia batetik sortutako auzo sarea da; orduan aurkeztu zen publikoki, Gasteiz osora zabaldutako ekimen ireki gisa. "Ez da elkarte edo plataforma bat, bizikidetza defendatu, gorroto-diskurtsoei aurre egin eta auzo bidezkoagoak eraiki nahi dituzten herritar arruntek osatutako sare komunitarioa baizik". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago