Arratsaldeko programazioak hartu du lekukoa Gasteiz Euskararen Hiria ekimenaren hirugarren edizioan. Plaza Berrian giro bikaina sortu da dantza taldeen topaketan, eta ondoren eguneko ekitaldi nagusia egin dute, ekitaldi antzeztua gainera, Gasteizko euskalgintzako eragileek. Han jarri diote ahotsa egun osoan zehar zabaltzen aritu den mezuari. Euskarak Gasteizko erdigunea hartu du, eta "euskaraz bizitzeko eta partekatzeko gune" bilakatu dira kaleak eta plazak.
Euskalgintzaren ekitaldian gogorarazi dute gaurkoa bezalako hitzorduak beharrezkoak direla, euskararen inguruan elkartzen direlako askotariko jatorri eta ibilbideetako herritarrak. Era berean, eskerrak eman dizkiete egitaraua posible egiten duten talde, elkarte eta norbanako guztiei, baita goizetik hemen izan diren herritarrei ere. Mezu argia helarazi dute: euskararen kontrako oldarraldien aurrean, Gasteizko euskalgintzak hizkuntzaren aldeko konpromisoari eusten dio, eta euskaraz bizitzeko hautua defendatzen jarraitzen du. Horregatik, berriro aldarrikatu dute Gasteiz "euskararen hiria dela eta izaten jarraituko duela".
Gauean, musikak eta ikuskizunak hartu dute protagonismoa. Harresian Zuloren kontzertuak plaza astindu du, eta eguna Andriginaren Drag Showarekin itxi da. Goizetik gauera arte luzatu den egitarauak berriro erakutsi du euskarak baduela lekua hiriko erdigunean, aisialdian, kulturan eta ospakizunean. Antolatzaileen hitzetan, erronka berbera da hemendik aurrera ere: «jarrai dezagun gure hizkuntza zaintzen, jarrai dezagun Gasteiz Euskararen Hiria egiten».