Gasteiz Euskararen Hiria ekimenak hizkuntzaren presentzia kalera eramateko eta erabilera sustatzeko urteko hitzordu gisa hartu du lekua hiriko egutegian. Ekimenaren hirugarren edizioa urriaren 10ean egingo da, eta euskarak berriz ere hiriko erdigunea hartuko du egun osoan zehar. Hamabi orduko egitaraua prestatu dute, adin eta profil guztietako herritarrei zuzenduta, musika, kultura, kirola eta aisialdia uztartuz. Jarduerak Andre Maria Zuriaren plazan eta Plaza Berrian egingo dira.
Euskararen Hiria, azken batean, jaialdi hutsetik harago kokatu dute antolatzaileek. Ekimenaren helburua euskara kalean erabiltzeko eta gozatzeko gune bat sortzea da. Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Euskara zinegotziaren hitzetan, "euskara kalean bizitzeko gonbidapena" da jaialdia, modu hurbil, ireki eta parte-hartzailean. Horregatik, euskaldunentzat ez ezik, euskara ikasten ari direnentzat eta hizkuntzara hurbildu nahi dutenentzat ere pentsatu dute egitaraua.
Aurten, Zuk baduzu tokia Euskararen Hirian lelopean egingo da jaialdia. Udalak eta EH Bilduk 2026ko aurrekontu akordioan jasotako 75.000 euroko partida du ekimenak, eta Gasteizko euskara, kultura, aisialdi eta kirol arloko elkarte eta eragileek parte hartzen dute antolaketan.
Hiru urteko ibilbidea
Gasteiz Euskararen Hiria ekimena 2024. urtean egin zuten lehendabiziko aldiz. Orduko jaialdia Plazak eta hitzak, kolore anitzak lelopean antolatu zuten erdiguneko plazetan. Helburua euskarari hiriko erdigunean presentzia ematea eta hizkuntza aisialdiarekin, kulturarekin eta herritarren parte hartzearekin lotzea izan zen.
Bigarren edizioak, 2025ean, Gastehiz herritik euskararen hirira: 1.000 urte lotzen gaituen haria leloa izan zuen. Urte hartan, Gastehiz izenaren lehen agerraldi idatziaren milurtekoa baliatu zuten jaialdiaren ardatz gisa.
Ekimenak, beraz, urte bakoitzean gai edo lelo jakin baten inguruan eraiki du egitaraua, baina oinarrian ideia bera mantendu du: euskara hiriko plaza eta kaleetara eramatea eta euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzea.
Adin eta gustu guztietarako
Aurtengo jarduerak 11:00etan hasiko dira, Kokito eta India familientzako ikuskizunarekin. Eguerdian, aisialdiko jarduerak, herri kirolen tailerra, rol-jokoak eta Bertso Tanta saioa izango dira. 13:30ean, berriz, akroyoga saioa egingo da lehen aldiz, herri kirolen erakustaldiarekin batera. Eguerdiko giroa Pineapple Sweets taldearen binilo pintxaketak jarriko du, 14:30etik aurrera.
Arratsaldean, 17:30ean dantza taldeen topaketa egingo dute, eta 19:00etan euskalgintzari lotutako ekitaldi antzeztua izango da. Ondoren, musikak hartuko du lekukoa: 20:30ean Harresian Zulo taldeak joko du, eta Andrigina Drag Showak emango dio amaiera egitarauari, 22:30ean.