Juan II kaleko Juani etxe okupatuan sartu da Ertzaintza ostegun honetan, eta bigarren pisua hustu du, agindu judizial bati jarraituz. Goizean Poliziaren dispositibo handia izan da Santiago ospitalearen parean, eta Herrandarren kalea moztua izan dute hainbat orduz.
Etxegabetzea gauzatu badute ere, arratsaldean alarma jartzera joan den langileari atea ireki behar izan dio berriz ere Poliziak, eta kalea itxi behar izan dute bigarren aldiz. Istiluen aurkako polizia bertaratu da goizean zein arratsaldean, protesta egitera bildutako jendearen aurrean, baina ez da istilurik egon.
2022an etxegabetu zuten Juaniko lehen pisua, baina gaur egun jendea bizi da bertan ere. Hiru pisu ditu eraikinak, eta lokal komertzial bat ere badu behekaldean. Prozesu judizial ezberdinak ditu etxebizitza bakoitzak, eta bigarren pisua soilik hustu dute ostegun honetan.
2004. urtetik hutsik zegoen eraikin 2017. urtean okupatu zen, eta ordutik hainbat pertsona bizi izan dira bertan. Etxegabetzearen aurrean dozenaka lagun gerturatu dira goizean zein arratsaldean, espekulazioaren eta Poliziaren aurkako mezuekin bizilagunei elkartasuna adieraztera.
Ver esta publicación en Instagram