Gasteizen elkarretaratzea egin dute ostegun honetan nekazariek. EHNEk Eusko Jaurlaritzari leporatu dio lehortearen ondorioz "lehen sektorea pairatzen ari den krisiaren larritasuna" ez aitortzea. Kritikatu dute iragarritako laguntzak ez direla nahikoak.
Sindikatuaren arabera, bost hilabete baino gehiago daramatzate lehorte larria jasaten, eta negurako bazka-bilketa aurreko urteetakoaren erdira ere ez da iritsi, "kasurik onenean". EHNEk salatu du abeltzainek dagoeneko bazka eta pentsua erosi behar dituztela animaliak elikatzeko, larreak lehortuta daudelako. Horri gasolioaren, ongarrien eta pentsuen garestitzea eta ekoizleei ordaintzen zaizkien prezioen jaitsiera gehitu behar zaizkio.
Egoera horrek "ustiategien bideragarritasuna" arriskuan jartzen duela ohartarazi du sindikatuak, eta ondorioak datozen kanpainetan ere nabarituko direla adierazi du.
Jaurlaritzak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako iragarritako laguntzak ere kritikatu ditu EHNEk. Sindikatuaren arabera, arrantzarako 430.650 euroko partida kenduta, nekazaritza sektoreak jasoko duen laguntza ekonomikoa ez dator bat krisiaren tamainarekin. Horregatik, lehorteari aurre egiteko talka-plana, nekazaritza politiken norabide aldaketa eta ekoizpen kostuak estaliko dituzten prezio duinak bermatzeko neurriak eskatu ditu.
Halaber, EHNEk ekoizleak eta familia ustiategiak lehenetsiko dituen eredu baten alde egin du, eta elikadura-katearen legea betearazteko esku-hartze publikoa eskatu du. Sindikatuak Imanol Pradales EAEko Lehendakariari bilera egiteko eskaera helarazi dio, eta erantzunaren zain dago.