Gasteiz ilustrazioaren topagune izango da berriro, 30 sortzailerekin

Anakoz Amenabar

Gopegiko Sonia Compañonen lana, artilearekin. MAZOKA

Mazoka azokak Montehermoso jauregia hartuko du, abenduaren 18tik 20ra.

Gasteiz ilustrazioaren eta marrazketaren topagune bihurtuko da, berriz ere, abenduaren 18tik 20ra, Mazoka azokarekin. Joan den irailaren 21ean itxi zuten parte hartzeko epea, eta dagoeneko hautatu dituzte azokara bertaratuko diren 30 profesionalak. Tartean izango da Raisa Alava ilustratzaile arabarra, eta harekin batera, sektoreko beste hainbat izen ezagun izango dira Gasteizen, hala nola Ana Oncina, Roberta Vazquez, Akesi Martinez, Jose A. Roda eta Flama! kolektiboa.

Bertako talentua beste lurralde batzuetatik eta nazioartetik iritsitako sortzaileekin elkartzeko gunea bihurtuko da Mazoka berriro. Aurtengo edizioak, gainera, prestakuntzari eta talentu berriei lekua egingo die. Hiru ikaslek beren lana erakutsiko dute, eta horietako bat Carmen Blau izango da, Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Ilustrazio Masterreko ikaslea eta Bekaikasle-Laboral Kutxa bekaren irabazlea. Euskal Herriko hezkuntza zentroen artean, EHU, Gasteizko Mendizabala Institutua eta IDarte daude Mazokan parte hartzeko eskaerak bultzatu dituztenen artean.

Ibilbide nabarmenak

XI. edizioak sektoreko ibilbide nabarmeneko hainbat sortzaile bilduko ditu. Ana Oncina komikigileak hamabi lan baino gehiago ditu eta hainbat sari jaso ditu, tartean Bartzelonako Komiki Azokan eta Japoniako International Manga Awards sarietan. Akesi Martinezek, berriz, bere grabatuak eta obra sekuentzial eta pertsonalak eramango ditu Gasteizera, Londresen eta Parisen erakusketak egin ondoren.

Jose A. Roda ilustratzaile eta produktuen diseinatzaileak Google eta Fnac bezalako markentzat lan egin du, eta hainbat teknikatan garatu du bere lana. Roberta Vazquez galiziarrak, berriz, fanzineak, eleberri grafikoak eta haurrentzako komikiak sortzen ditu, umorea eta kolore deigarriak ardatz dituen estiloarekin. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago