Etxebizitza Sindikatu Sozialistak asteartean arratsaldean egindako elkarretaratzean salatu duenez, adingabeak dituzten bi familia etxegabetu dituzte Gasteizen lau eguneko epean, etxebizitza alternatibarik gabe. Lehen kasua urriaren 2an izan zen, Zerkabarren kalean, eta bigarrena astelehen honetan, San Martin auzoan.
Sindikatuak gogorarazi du duela bi aste Kanpokale Berria kalean beste familia bat ere etxetik bota zutela, hamalau urtez bertan bizi ondoren.
Sindikatuak PSOEren eta Gasteizko udal gobernuaren jarrera kritikatu du, eta haiei egotzi die etxegabetzeen aurrean alternatibarik ez eskaintzea. Era berean, Espainiako Gobernuak etxebizitzaren arloan hartutako neurriak ez direla nahikoak salatu du.
Erakundearen arabera, gaur egun hamalau familia daude Gasteizen etxegabetzeko arriskuan haren laguntza jasotzen, eta hamabi kasutan adingabeak daude tartean, guztira 28. Sei familiak etxegabetze prozedura judiziala dute abian, eta beste bostek etxetik botatzeko mehatxuak jaso dituzte. Urriaren 23an, gainera, Sansomendin bi helduk eta sei adingabek osatutako familia baten etxegabetzea aurreikusita dago.
Egoerari erantzuteko, sindikatuak hainbat ekintza iragarri ditu: urriaren 7an, etxegabetutako familia batekin Gizarte Zerbitzuetara joango da bizitzeko alternatiba eskatzeko; urriaren 8an, berriz, batzar irekia egingo du Venezuela kaleko 10. zenbakian, eta urriaren 23an mobilizazioa egingo du Sansomendiko etxegabetzeari aurre egiteko.
Federico Baraibarren, protesta
Bestetik, Federico Baraibar BHIko hamarnaka ikaslek "geldialdi akademikoa" eta elkarretaratzea egin dituzte asteartean goizean, Gasteizen azken egunetan adingabeak dituzten bi familien etxegabetzeak salatzeko.
Protestaren deitzaileek azaldu dutenez, bi familiak urriaren 2an eta 5ean etxegabetu zituzten, eta bietan ez zen alternatibarik eskaini. Ikasleek salatu dute etxegabetzeak ez direla "kasu isolatuak", eta etxebizitza krisiaren ondorioz soldata bat izateak ere ez duela etxebizitza eskuratzea bermatzen. Egoera bereziki larria dela nabarmendu dute familia migratzaileen kasuan.