indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute labana batekin bikotekide ohia mehatxatzeagatik

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Azaroak 25eko manifestazioa, Gasteizen. ALEA

Urruntze agindua urratzea egotzita 23 urteko beste gizon bat ere atxilotu dute.

Poliziak 29 urteko gizon bat atxilotu du igande arratsaldean, bikotekide ohiari lesioak eragitea eta mehatxuak egitea egotzita.

Gertakariak Gasteizko Armentiako taberna batean hasi ziren, bertan eztabaida bat izan zuten gizonak eta emakumezkoak. Poliziaren arabera, gizonak jarrera oldarkorra hartu zuen, irainak egin zizkion eta labana batekin mehatxu egin zion emakumeari, eta emakumeak ohartarazi zion Poliziari deituko ziola bere jokabidearekin jarraituz gero.

Ondoren, eztabaidak aurrera jarraitu zuen gizonaren etxebizitzara autoz joan ziren bitartean. Udaltzaingoaren arabera, emakumeak markak zituen beso batean. Gizonak alde egin zuen agenteak iritsi zirenean, baina Zaramaga auzoan aurkitu eta atxilotu zuten.

Halaber, 23 urteko gizon bat ere atxilotu zuten. Hiru adingaberengandik urruntzeko agindua zuen gizonak. Haietako batek hurbil ikusi zuen gizona Independentzia kaletik zebilela, eta neskak Poliziari hots egin zion. Udaltzainek gizona identifikatu eta atxilo eraman zuten, urruntze agindua urratzea egotzita. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago