Gasteizko Abendaño Ikastolako familiek eta hezkuntza komunitateak deituta kontzentrazioa egin dute goizean eskolaren atarian, gaur bertan eta urriaren 23an aurreikusita dauden ikastolako bi familien etxegabetzearen aurrean. "Bi familien artean, guztira, zortzi adingabe daude: sei familia batean eta bi bestean. Kezkatuta gaude, familiak etxegabetuko dituzte, eta etxebizitza duin eta egonkor bat izateko alternatiba bermatu gabe daukate", azaldu dute elkarretaratzean.
Erakundeei bi etxegabetzeak gelditzeko eskatu diete; familia bakoitzari etxebizitza duin, egoki eta egonkorra bermatzeko; adingabeen eskubideak bermatzeko; eta haien eskola zein gizarte ingurunea babesteko. Era berean, erakundeen arteko koordinazioa galdegin dute, eta Gasteizko Udalari, Eusko Jaurlaritzari eta gainerako erakundeei premiazko irtenbide bat bideratzea, eta etxebizitzarako laguntza publikoak indartzea.
"Bi familia hauek ez daude bakarrik", azpimarratu dute. "Haien ondoan gaude. Zortzi adingabek egonkortasuna behar dute. Bi familiek etxebizitza duina behar dute".
Beste etxegabetze bat
Bestetik, Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du San Martin auzoan etxegabetze bat jazo dela eguerdian, eta salatu du azken hamar egunetan adingabeak dituzten hiru familia etxegabetu dituztela hirian. Asteartean elkarretaratzea deitu du erakundeak, Andre Maria Zuriaren plazan, 19:00etan.
"Beste behin ere, etxegabetzea eman den momentuan familiak oraindik ez zuen etxebizitza alternatibarik", esan du sindikatuak, eta ohartarazi du egoera hau ez dela "egoera isolatu bat".
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, gainera, kritikatu du PSOEk "etxebizitza krisiari aurre egiteko bere burua konponbide bezala aurkezten duen bitartean, hau da langile klaseko familien egunerokotasunaren errealitatea".