Espekulazioari mugak jartzea exijitu dute Gasteizen

Anakoz Amenabar

Katedral parean amaitu da manifestazioa. ETXEBIZITZA SINDIKATUA

Etxebizitza sindikatuek deituta, etxegabetzeak etetea eta alokairuak jaistea eskatu dute milaka lagunek.

Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta, milaka lagunek hartu dituzte Gasteizko kaleak ostiral arratsaldean, Espainiako Kongresuak etxebizitza dekretuak alboratu eta ordu gutxitara, espekulazioari aurre egin eta guztientzako bermatuko den etxebizitza baten alde.

Antolatzaileek gogoratu dute pertsona orok duintasunez bizitzeko oinarrizko beharra dela etxebizitza, osasungintza edo hezkuntza diren neurri berean. Horrekin batera, salatu dute "etxebizitzaren arazoa Euskal Herriko langile klasearen arazo ekonomiko larrienetako bat" dela gaur egun. Alderdi politikoen utzikeria ere jarri dute jomugan, eta Espainiako Kongresuan aurkeztutako dekretua gaitzetsi: "Ezin dugu beste modu batera definitu errentariei zergak %100ean murriztea eta konpentsazioen bidez haien irabaziak bermatzea ardatz duen neurria", adierazi dute, bozketan bi dekretuak erori izana gogoratzearekin batera.

Espekulatzaileen kontrako neurriak eskatu dituzte manifestazioan. ETXEBIZITZA SINDIKATUA

Euskal Herriko administrazio publikoen eta erakundeen papera ere seinalatu dute Gasteizen egindako hitzartzean. Eusko Jaurlaritzak zein udalek negozioa indartzen duten politikak babestu dituztela azpimarratu dute. Halaber, arazoa inbertsio funtsetara soilik ez mugatzeko eskatu dute, erantzule gehiago daudela gogoratuz: "Putre funtsen negozioen ondorioz, etxebizitza eskuratzea ezinezkoa da, baina baita eraikuntza enpresen, banketxeen edota alokairuan etxebizitza izanda langileen kontura aberastu diren jabeen ondorioz ere".

Egoera honi erantzuteko, hiru aldarrikapen nagusi eraman ditu mahai gainera: espekulatzaileen jabetzak espropiatzea, espekulazioa debekatzea eta negozioaren esku egon diren baliabide guztiak "langile klasearen zerbitzura jartzea". Hala ere, eraldaketa sakon horiek lortu bitartean, berehalako bi neurri aplikatzea exijitu dizkiete erakundeei: "Etxegabetze guztiak lehenbailehen eta baldintzarik gabe etetea, eta alokairuen prezioak jaistea".

Ostiraleko manifestazioarekin batera, beste deialdi batzuk ere izango dira asteburuan etxebizitza eskubidearen alde.  LABek mobilizazioa deitu gaur, 12:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago