Gaztefilm Fest jaialdiaren atarian, pelikulen bikoizketa tailer praktiko bat antolatu dute, asteazkenero, urriaren 7tik azaroaren 11ra bitartean. Ekimen honen bidez, 12 eta 17 urte bitarteko gazteek zine jaialdian erakutsiko diren filmei ahotsa euskaraz jartzen ikasiko dute.
Aurtengo edizioan, gazteek bi film luze bikoiztuko dituzte, Oihanean jaioa eta Jauregiko bizitza, bai eta haurrek egindako zinema saileko hainbat film labur ere. "Proiektu honen atzean beste helburu nagusi bat ere badago: ohiko zine areto zein banatzaileen bidez euskaraz iristen ez diren kalitatezko filmak euskarara bikoiztea", azaldu dute antolatzaileek. Plazak mugatuak direnez, interesa duten gazteek lehenbailehen eman dezakete izena info.gaztefilmfest@zinhezba.org helbidean.
Nabarmendu dutenez, Gaztefilmen filosofiari jarraituta, haur eta gazteek jaialdiaren fase guztietan hartuko dute parte, hala nola programazioan, bikoizketan edo atrezzo zein sormen lanetan.