Zenbateraino senda gaitzake antzerkiak? Galdera horri erantzuteko eta osasun mentalari lekua egiteko asmoz sortu du Les Bobé Bobé antzerki taldeak Sukharte jaialdia. Urriaren 9tik 18ra bitartean, Gasteizko hainbat gune agertoki eta bilgune bihurtuko dira, arte eszenikoak eta buru ongizatea aurrez aurre jartzeko. Barne zauriak, bakardadea nahiz antsietatea estigmarik gabe eta komunitatean lantzeko egitasmo honek antzerki ikuskizunak, tailerrak eta topaketa irekiak bilduko ditu hiriko erdialdean.
Taldearen ustez, arte eszenikoek lotura zuzena izan behar dute gizartearekin, eta lotura hori gizartea bera garatzeko baliatu behar da. "Errealitate honen sortzaile eta behatzaile garen heinean, osasun mentala gure egungo gizartean garrantzi handiko gaia dela ikusten dugu; antsietatea, depresioa eta hirietako biztanleen ehuneko gero eta altuago baten bizi kalitatearen murrizketa adierazten duena", azaldu dute taldekideek. Esperientzia propioagatik badakite arte eszenikoek antzerkia praktikatzen duten pertsonen bizi kalitatea hobetzen dutela, taldean lan egiteko, entzute aktiboa zein enpatia garatzeko aukera ematen dutela, eta norberaren ideologietatik urrun dauden diskurtsoak dituzten pertsonaien ulermena ere sustatzen dutela.
Lehenengo edizio honetan, euskal eszena artistikoko profesionalak zein kanpokoak elkartuko dira. Antzezlanen bidez depresioa, suizidioa, bakardadea eta isiltasuna bezalako gaiak jorratuko dituzte, besteak beste. Horrez gain, programa osatzeko yoga, meditazio eta inprobisazio tailerrak antolatu dituzte, baita ongizate mentalaren gaia estigmarik gabe eta komunitatean lantzeko hitzaldi irekiak ere.
Egitaraua urriaren 9an hasiko da Aldabe gizarte etxean Ane Gebara & Bitsa konpainiaren Tirando del hilo lanarekin, egunkarietan agertuko ez diren pertsonei izena eta ekintzei balioa jartzeko proposamenarekin. Hurrengo egunean, urriaren 10ean, La Monstrenkan Jason Guerrak emandako antzerki komiko tailerra izango da goizean, eta arratsaldean Cía Teatrearte konpainiaren Un millón de razones antzezlana taularatuko dute Aldaben. Urriaren 11n, La Pelukonan Mª Isabel Sainz Zapaterok estresa eta antsietatea kudeatzeko yoga integrala tailerra bideratuko du, eta arratsaldean Sapo producciones taldeak La razón de la sinrazón lana aurkeztuko du Aldaben. Urriaren 12an, La Pelukonako natura eta ongizate tailerraz gain, Liburutopia Eva Forest gunean Mental Coffee topaketa sozial informala egingo da Ane Arrugaeta eta Jenny Garciaren eskutik, gaixotasun mentala eta bere estigma hizpide hartuta.
Bigarren astean zehar jarduerek aurrera jarraituko dute. Urriaren 16an Cía Acorralado taldearen Abrazolamp 2 ikuskizuna izango da Aldaben, mina umore bihurtuz suizidioari buruz hitz egiteko Urriaren 17an, La Monstrenkako inprobisazio tailerraz gain, bikoitza izango da proposamena Izaskun Arrue Kulturgunean: Kolektivo Monstrenkoren Razka Nazka eta Gehibat konpainiaren Zazpi urte eta erdi lanak ikusi ahalko baitira. Azkenik, urriaren 18an Josune Velez de Mendizabal eta Ane Arrugaetaren Mareando la perdiz paseo-deriba literarioa egingo dute hiriko erdigunean zehar, eta La Monstrenkan Jon Garridoren Garun Null (0) lana aurkeztuko dute.