Bueltan da Dazz Jazz, bost egunez jazza, flamenkoa eta fusioa elkartuko dituen jaialdia. Urriaren 21etik 25era bitartean izango dira emanaldiak, Arkabia kulturgunean, 20:00etan, eta dagoeneko eskuragarri daude ikuskizunetarako sarrerak nahiz jaialdi osorako abonamenduak.
Hamaikagarren jaialdiari hasiera emateko, urriaren 21ean, Dj Toner Q4rtet & Erik Truffaz igoko dira agertokira; Dj Toner ekoizlearen eta Erik Truffaz tronpeta-jotzaile frantziarraren arteko elkarlanak jazza, hip-hopa eta musika elektronikoa uztartzen ditu soinu-paisaia berezia sortuz. Hurrengo egunean, urriaren 22an, Alana Sinkey soul zein jazz kantariak hartuko du txanda; Cosmosoul eta Patax taldeetan aritutako abeslariak afrikar erroak eta neo-soula nahasten ditu bere ahots bereziarekin.
Asteburuari begira, genero ezberdinetako erreferente nagusiek jarraituko dute. Urriaren 23an, ostiralez, Niño Josele gitarrista famatuak flamenkoaren eta jazzaren arteko doinuak hurbilduko ditu Arkabiara; Paco de Lucia zein Chick Corea bezalako maisuekin pilatutako esperientzia taula gainean. Urriaren 24an, ostera, Javier Masso Caramelo de Cuba pianistak latin jazzaren eta Kubako tradizioaren erritmoak eramango ditu. Urriaren 25ean, Paloma Cosano Big Band taldeak joko du, formatu handiko musika ikuskizun batekin jaialdiari bukaera emateko.
View this post on Instagram