Gasteizko udaltzainek 24 urteko gizonezko bat atxilotu dute, beste gizon bati giltza ingeles batekin eraso larriak egitea egotzita. Udaltzaingoak jakitera eman duenez, hiru gizon ezbaian ari ziren atzo gauerdian, antza, zor ekonomiko baten harira. Abisua jasota, bertaratutako agenteek gizon bat zoruan ikusi dute, burutik odola zeriola. Zaurien larritasuna ikusita, larrialdi zerbitzuek ospitalera eraman dute, eta poliziek Landaberde kalean atzeman dute ustezko erasotzailea.
Bestetik, larunbat arratsaldean San Kristobal auzoan 23 urteko emakume bat atxilotu dute, etxeko indarkeria egotzita. Eztabaida baten erdian gizonezko bikotekideari kopetan mugikorrarekin jo dio, zauria eraginez. Agenteak bertaratu direnean, gizonezkoa odoletan zegoela ikusita, ustezko erasotzailea atxilo eraman dute.
Legutiano Atean, berriz, 34 urteko gizon bat atxilotu dute, emakume bati poltsa indarrez ebasteagatik. Igandean, bestetik, Arriagako Atean 18 urteko neska bat atxilotu dute, desobedientzia larria eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua egotzita, eta Arriaga-Lakuan 36 urteko beste emakume bat atzeman dute, droga afera baten harira. Larunbatean, berriz, 25 eta 40 urteko bi gizon atxilotu dituzte. Lehena, lapurreta baten harira; bigarrena, auzokideekiko eztabaida batean heriotza mehatxuak egiteagatik. Azkenik, ostiralean, 21 eta 22 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte, epaitegi batek haien gaineko bilaketa, atxilotze eta bertaratze aginduak zituztela konprobatzean.