Diseinuaren eta teknologiaren topagunea izango da Gasteiz urriaren 8an, 9an eta 10ean, Basquerville jaialdiaren eskutik. Laugarren edizio honetan, berrikuntza, artea, jasangarritasuna eta lankidetza prozesuak gurutzatu nahi dituzte, eta Izaera izango dute ardatza; antolatzaileek azaldu dutenez, adimen artifizialaren garaiotan, helburua diseinuaren giza alderdian eta proiektuen atzean dauden pertsonetan fokua jartzea da.
Testuinguru honetan, egitarauak hainbat hizlari bilduko ditu, tartean Miguel Chevalier arte digitalaren ordezkari frantziarra, Arkabian ikusgai dagoen Digital Floralia erakusketaren harira etorriko dena. Chevalierrez gain, Bürocratik (Portugal), Soyun Park (Hego Korea/Herbehereak), Alec Vivier-Reynaud, Rifke Sadleir (Erresuma Batua) eta Gab Bois (Kanada) izango dira bertan. Halaber, urriaren 8an bi workshop antolatu dituzte: goizean Sadleirrek narratiba digital berrien eta web garapen interaktiboaren tailerra emango du, eta arratsaldean Boisek Bleach Dyeing Workshop saioa bideratuko du.
Basquervilleren helburuetako bat euskal talentuaren lana zabaltzea eta nazioarteko sortzaileekin harremanetan jartzea da. Horregatik, nazioarteko ordezkariekin batera, bertako nahiz estatuko beste hainbat sortzailek hartuko dute parte, hala nola Izaskun Urkijo arte zinematografikoko zuzendariak, eta Hiruki, Xerra estudioa, Arrate, Marc&Marina, Tunipanea soinu estudioa nahiz Gina Guasch artistek. Bestalde, Voltaire Lab Artisau Serigrafiaren laguntzari esker, bertaratutakoek jaialdiko zapia in situ estanpatzeko aukera izango dute, oroigarri gisa etxera eramateko.
Prestakuntza eta belaunaldi berrien parte hartzea ere jasotzen ditu egitarauak. Atariko gisa, urriaren 7an Portfolio Eguna egingo dute DIGA eta EIDE elkarteen eskutik, diseinuko ikasle zein gazte profesionalei hainbat diziplinatako adituekin topaketak egiteko eta orientazioa jasotzeko espazioa eskainiz. Hurrengo egunean, urriaren 8an, Harroby guneak hartuko du txanda. Espazio honek euskal sortzaile gazteei utziko die eszenatokia beren proiektuak aurkez ditzaten; Elixabet Botanz, Saioa Villa, Mikel G. Ardanaz, Maria Lopez de Subijana eta Asier Aguayo izango dira honetan.
Eguneko sarrerak eta abonu osoa salgai daude jada webgune ofizialean.