Gasteizko Alde Zaharreko Kanpokale Berria kalean bizi zen familia bat etxegabetu du Ertzaintzak gaur eguerdian. Bi helduk eta 8 eta 10 urteko bi haurrek osatutako familiak 14 urte zeramatzan etxebizitza horretan bizitzen. Etxegabetzea 12:30erako zegoen aurreikusita, baina goizeko lehen ordutik Ertzaintzak ingurua hesitu eta sarbideak kontrolpean izan ditu. Dozenaka auzokide bertaratu dira goizetik elkartasuna adieraztera.
Etxegabetzearen aurka mobilizatu dira Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatua, Ramon Bajo ikastetxeko hezkuntza komunitatea eta beste hainbat eragile. Auzoan Biziren arabera, etxegabetutako familia zaurgarritasun egoeran dago, eta urte luzez etxebizitzan bizitzen eta alokairua ordaintzen aritu da. Azaldu dutenez, guztira 75.600 euro inguru ordaindu dizkiote jabeari urte hauetan.
Sindikatutik azaldu dutenez, familiak urte luzez eskura ordaindu zizkion etxebizitzaren gastuak jabeari, inolako erregistro ofizialik gabe. Baina 2021ean ordainketak banku transferentzia bidez egitea eskatu zuen, nonbait jasota gera zitezen. Auzoan Bizik dioenez, jabeak ez zuen eskaera onartu, eta handik gutxira etxegabetze prozesua abiatu zuen. Salatu dute etxebizitzaren jabeak uko egin diola bai familiarekin bai sindikatuarekin negoziatzeari. Haien esanetan, azken urteetan hainbat saiakera egin dituzte irtenbide adostu bat bilatzeko, baina ez dute elkarrizketarako borondaterik aurkitu.
Bizitoki alternatibarik gabe
Etxegabetze prozesua "geldirik" egon da azken urteetan etxegabetzeen aurkako moratoriari esker. Auzoan Biziren arabera, familiari zaurgarritasuna aitortu zioten eta horrek ahalbidetu zuen prozeduraren exekuzioa behin baino gehiagotan atzeratzea. Hasiera batean, etxegabetzea uztailaren 9an egitekoa zen, baina sindikatuaren lanari esker data berriro atzeratzea lortu zuten. Azkenik, ordea, moratoria indargabetu eta babes juridikoa amaitu ostean gauzatu da etxegabetzea.
Auzoan Bizik bereziki kritikatu du administrazioen erantzuna. Sindikatuaren arabera, Gasteizko Udaleko gizarte zerbitzuek ostegunera arte ez zioten familiari alternatibarik eskaini, eta mahai gainean jarritako aukera bakarra pentsio batean astebeteko ostatua izan da. Auzoan Bizitik salatu dute zazpi eguneko konponbidea ez dela benetako irtenbidea.
Etxegabetzearen aurkako mobilizazioan parte hartu dute Ramon Bajo ikastetxeko irakasleek, gurasoek eta ikasleekin lotutako hainbat kidek ere. Bi adingabeak ikastetxe horretako ikasleak dira, eta hezkuntza komunitateak aldarrikatu du etxebizitza eskubidea bermatu gabe ezin dela haurren hezkuntza eta ongizatea behar bezala babestu.
Goiz osoan zehar dozenaka herritar bildu dira familiari elkartasuna adierazteko, eta tentsio uneak ere bizi izan dira, istilurik izan ez bada ere. Hainbat lagun atarira iristen saiatzean indarrez kanporatu ditu Poliziak, eta zenbait pertsona artatu behar izan dituzte osasun zerbitzuek. Etxegabetzea gauzatu eta Ertzaintzak ingurua utzi ostean, familiak babesa eskertu die bertaratutako auzokideei eta elkartasuna adierazi dieten guztiei.