21 eta 20 urteko bi gizon gazte atxilotu ditu astearte honetan Ertzaintzak, iragan irailaren 1ean gauean Gasteizko etxebizitza batean egindako sexu erasoan zerikusia dutelakoan. Bi atxilotuak aurretik hiru aldiz atxilotu edo ikertu ditu Poliziak. Kasu honetan, biak jarri dituzte Gasteizko Guardiako Epaitegiaren eskuetan.
Gurutze Gorriko Biktimei Arreta Emateko Zerbitzutik jasotako abisu baten bidez izan zuen Poliziak erasoaren berri eta hortik abiatu zuen ikerketa.
Salaketaren arabera, 44 eta 31 urteko bi emakume Gasteizko erdialdeko kale batean zeuden eta lo egiteko leku baten bila ari ziren. Hartan ari zirela, bi gaztek euren etxe partikularrera joateko aukera eskaini zieten, baina etxe barruan zeudenean, sexu erasoak egin zizkieten gizonek.
Bestalde, Gasteizko Udaltzaingoak gaur bertan 50 urteko gizonezko bat atxilotu du San Kristobal auzoan, bikotekideari eraso egiteagatik. Biktima kotxe baten barruan aurkitu dute poliziek eta ospitalera eraman dute, aurpegian zauriak zituelako.