Gasteizko Udalak Alde Zaharreko bost etxebizitza saldu dizkio enpresa bati "ia oparitutako prezioan"

Jon Hidalgo

Kubo kaleko eraikin oso bat saldu du udalak. ALPHABET

Udalak Kubo kaleko bost etxebizitza eta merkataritza lokal bat 364.924 euroren truke saldu dizkio sustatzaile pribatu bati. EH Bilduk eta Elkarrekinek erabakia kritikatu dute, etxebizitzak alokairu sozialera bideratu beharrean espekulazioa sustatzen dela iritzita.

Gasteizko Udalak Alde Zaharreko Kubo kaleko 10. zenbakian dauden bost etxebizitza eta merkataritza lokal bat sorta bakarrean saldu ditu, 364.924 euroren truke. Erosleak Jose Luis Maren Cerezo eta Construcciones y Explotaciones Rogado enpresa arabarra izan dira, haiek aurkeztu baitute eskaintza bakarra. Saldutako higiezinek ez dute babes ofizialeko edo birsalmentarako baldintzarik izango, eta jabe berriak erabilera libreki erabaki ahal izango du.

Salmentak oposizioko taldeen kritikak piztu ditu. EH Bilduk eta Elkarrekinek salatu dute udalaren jabetzako etxebizitzak direla eta alokairu sozialera bideratu beharko liratekeela, bereziki etxebizitza eskari handia duen eta tentsio handiko eremu izendatu den hiri batean. Bi alderdiek gogorarazi dute Gasteizen 16.000tik gora pertsona daudela babes publikoko alokairu etxebizitza baten zain, eta udal gobernuari leporatu diote etxebizitza publikoak merkatuan jartzea premia sozialari erantzun beharrean.

EH Bilduk nabarmendu du eraikinean berritze lan garrantzitsuak egin zirela diru publikoarekin; 98.000 euro baino gehiago inbertitu ziren egitura, estalkia eta fatxada konpontzeko. Koalizioaren ustez, inbertsio publiko hori galdu egin da orain higiezinak saltzearekin batera. Era berean, salmenta uztailaren amaieran onartu eta abuztuan iragarri izana deitoratu dute, opor garaian erabakia ahalik eta oharkabeen igarotzeko asmoz egin dela iradokiz.

Elkarrekin taldeak, berriz, prezioa bera jarri du kritikaren erdigunean. Oscar Fernandez zinegotziaren arabera, "irrigarria" da gaur egungo etxebizitza larrialdiaren testuinguruan bost etxebizitza eta lokal bat 365.000 euroren truke eskualdatu izana, "ia oparituta". Gainera, udal gobernuari egotzi dio etxebizitza publiko huts ugari mantentzea eta etxebizitza horiek herritarren beharrei erantzuteko baliatu beharrean sustatzaile pribatu baten esku uztea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago