Arabako egoitzetako egoera oso zaila izaten ari da uda honetan. EH Bilduk salatu du Ajuriako egoitzan senideek 40 kexa inguru jarri dituztela zuzendaritzaren aurrean, beroari aurre egiteko neurri eraginkorrak eskatzeko.
Gainera, Cadena Ser irrati-kateak jakinarazi duenez, joan den irailaren 4an Lan Ikuskaritza Arabako Foru Aldundiaren mendeko Txagorritxuko egoitzara joan zen, lan arriskuen prebentzioari buruzko araudia betetzen ari ote zen egiaztatzeko. Bisitaren ondoren, Ikuskaritzak hainbat agiri eskatu dizkio Aldundiari, tenperatura altuek, tenperaturen neurketek eta lanpostu bakoitzeko estres termikoaren ebaluazioak eragindako arriskuei buruz.
EH Bilduko batzarkide taldeak, bere aldetik, Gizarte Politiketako diputatuari zuzendutako hainbat galdera erregistratu ditu asteon gaiaren inguruan. Ajuria erresidentzian arazoa aspalditik datorrela esan du EH Bilduk eta langileek hiru urte daramatzatela arazoa lan osasun arloko bileretan lantzen. "Ekainean muturreko tenperatura horiek jasotzen zituen dosier bat aurkeztu zuten, eta egoerari aurre egiteko plangintza bat behar dela uste dute", esan du Claudia Venceslao batzarkideak.
"Uda pasata izan dugu, azken hilabete hauetan, jasandako tenperatura altuengatik foru egoitzetako familien kexen berri eta langileen batzordeak Lan Ikuskaritzari egindako salaketaren berri", argitu du Venceslaok.
Kexei erantzunez, Arabako Foru Aldundiak iragarri du efizientzia energetikorako eta klimatizaziorako plan bat lizitatzen ari dela.