Etxegabetzeen aurkako zerbitzu juridikoa eskainiko du doan Gasteizko Udalak

Jon Hidalgo

Etxegabetze saiakera baten aurrean egindako protesta Gasteizen. ALEA

Aholkularitza juridikorako zerbitzu berria jarriko da martxan urrian, etxebizitza galtzea, etxegabetzeak eta desalojoak prebenitzeko. Arabako Abokatuen Elkargoak kudeatuko duen bulegoak maizterrei zein etxejabeei eskainiko die arreta.

Etxegabetzeak prebenitzeko aholkularitza juridikoko zerbitzu berria inauguratuko da Gasteizen urrian. Ekimena PSE eta EAJren udal gobernuak eta EH Bilduk adostu zuten aurrekontuen hitzarmenean, eta Arabako Abokatuen Elkargoak kudeatuko du bere egoitzatik, Fray Francisco pasealekuko 4. zenbakian. Zerbitzua doakoa izango da eta aurrez hitzordua eskatuta eskuratu ahal izango da laguntza, aurrez aurrekoan zein telematikoki.

Bulegoaren helburua izango da hipoteka edo alokairua ordaintzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzea eta bitartekaritza egitea etxebizitza jabeen nahiz maizterren arteko gatazketan. Besteak beste, alokairu kontratuak, errenten eguneratzeak, alde bakoitzaren eskubide eta betebeharrak, etxegabetze prozesuak, okupazio kasuak eta etxebizitzaren erabilerarekin lotutako gatazkak landuko dituzte bertan.

Udalaren arabera, gero eta gehiago dira etxebizitza eskuratzeko, mantentzeko edo etxebizitza galtzeko arriskuan dauden pertsonak. Egoera horiei beste arazo batzuk gehitzen zaizkie, hala nola etxebizitza partekatzera behartuta egotea, logelen azpierrentamendua, pilaketa egoerak edo erroldatzeko zailtasunak. Horren aurrean, udal arduradunek prebentzio goiztiarraren garrantzia azpimarratu dute, etxebizitza galtzea saihesteko tresna eraginkor gisa.

Zerbitzua telefono bidezko hitzorduarekin eskuratu ahal izango da, 945 23 10 50 zenbakira deituta. Horrez gain, herritarrentzako informazio materialak, saio irekiak eta tailer praktikoak ere antolatuko dira. Aholkularitza emango duten profesionalak etxebizitza arloan espezializatutako abokatu boluntarioak izango dira, gutxienez hiru urteko jardun profesionala egiaztatuta dutenak. Udalak 10.000 euro bideratuko ditu zerbitzura 2026ko azken hiruhilekoan, eta 40.000 euro 2027an.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago