Maider Etxebarria alkateak adierazi du Salburuko auzo elkartea "ez dela egokia" Maliko asilo eskatzaileek gauak igarotzeko. Prentsaurreko bateko galderei erantzunez azaldu du lokalaren lagapena egiteko oinarrietan debekatua dagoela inork bertan lo egitea, eta udalaren erantzukizuna litzatekeela pertsona hauek auzo elkartean egonda zerbait gertatuko balitzaie. Hala defendatu du Burdinbide auzo elkarteari bidalitako gutuna, esanaz lokala galtzeko arriskua zutela asilo eskatzaileei eskaintzen jarraituz gero lotarako leku gisa.
Asteazkenean salatu zuen Salburuko Harrera Sareak Gasteizko Udalak "mehatxu" egin ziela, eta instituzioen pasibotasuna salatu zuten. Konponbiderik eskaini ez eta "aktiboki elkartasuna kriminalizatzera" igaro izana leporatu zion elkarteak udalari. Ohartarazi zuten jasotako presioen ondorioz berriz kalean lo egitera itzuli behar izan zirela elkarteak laguntzen dituen pertsonak.
Etxebarria alkateak argudiatu du "erantzukizun legala" dutela haiek udal gisa, eta "nazioarteko babes erakundeek abisua eman dietela horiek ez direla lokal egokiak, eta zerbait gertatuz gero, udalarena litzatekeela ardura". Hala ere, argudiatu du nazioarteko babes sistema ez dagoela "gainezka", eta badituela oheak eskaintzeko. Plaza horiez informazioa zabaltzeko beharra dagoela adierazi du, "jendea kalean ari delako lo egiten eta ez delako hurbiltzen eskuragarri dauden plaza horietara".
Alkatearen hitzetan, udalak ez du "beste alde batera begiratzen, eta aktiboki laguntzen diete instituzioetatik pertsona hauei". Gogorarazi du, gainera, aurreko negua bezalako "momentu puntualetan" udalak lokal batzuk eta dutxak jarri zituela pertsona hauen eskura.