Rocio Vitero izango da berriz EH Bilduren alkategaia Gasteizen

Jon Hidalgo

Bigarrenez EH Bilduren zerrendaburu izango da gizarte langile gasteiztarra. JUANMA GALLEGO / ALEA

2023ko hauteskundeak irabazi zituen hautagaiarekin errepikatzea erabaki du koalizio abertzaleak.

2027ko maiatzean izango diren udal hauteskundeetan Rocio Vitero izango da EH Bilduren hautagaia. Hala erabaki du, bigarren aldiz, koalizioaren Gasteizko mahai politikoak, Vitero delakoan pertsona egokiena ezkerreko subiranismoaren proiektua ordezkatzeko eta "herritarrentzat ongizate maila handiagoak" lortzeko.

Rocio Vitero izan zen hautagai bozkatuena 2023ko hauteskundeetan; 27 eserlekutik 7 lortu zituen EH Bilduk, eta hiriaren historian udal hauteskundeak irabazi dituen lehen emakumea bilakatu zen Vitero. PSE eta EAJren arteko akordioaren ondorioz oposizioko indar nagusi gisa aritu da udalean EH Bildu azken legegintzaldian, baina hainbat akordio lortu ditu udal gobernuarekin, udalaren aurrekontuak aurrera ateratzeko, adibidez.

Koalizio abertzaletik adierazi dute hiriak "norabide aldaketa eta politika eraldatzaileak behar dituela", eta haien alderdia aurkeztu dute "garaiko erronkei anbizioz erantzuteko" aukera gisa.

Gizarte zerbitzuetatik erakundeetara

Rocio Viterok (Gasteiz, 1980) Gizarte Langintzako karrera egin zuen, eta masterra Bazterkeria, Integrazio eta Herritartasun arloan. Gizarte politiketan lanean aritua da urtetan, Gasteizko Udalean zinegotzi izan aurretik. Aterpe udalaren harrera zentroko arduraduna izan zen, eta baita Sidalava GKEko kudeatzaile eta koordinatzailea ere.

Oraingoz PPko Iñaki Garcia Calvo da baieztatuta dagoen beste hautagai bakarra 2027ko hauteskundeetarako. Maider Etxebarria PSEko alkateak errepikatzea espero bada ere, alderdiak ez du halakorik ofizialki esan.

EAJk ere ez du hautagairik aurkeztu oraindik, baina gauza jakina da aurreko hauteskundeetan alkategai izandako Beatriz Artolazabalek ez duela udalean jarraituko, Madrila joango delako, Estefania Beltran de Herediaren eserlekua hartzera Espainiako Senatuan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago